Adarra Saria emongo deutsie Berri Txarrak taldeari
2019-05-21 09:10 MusikeaBagilaren 21ean, saria hartzeaz ganera, kontzertua emongo dabe Donostian.
Etenaldi mugabakoa egingo ebala iragarri ebanetik, Berri Txarrak errekonozimenduak jasoten dabil han eta hemen. Ikusi Arte Tour agur birako kontzertu gehienetako sarrerak agortu egin dira, eta erakundeek be omenaldi ugari egin deutsiez. Esate baterako, Donostia Kultura erakundearen Adarra Saria Lekunberriko taldearentzat izango da aurten.
Hiru lagun egon dira seigarren Adarra Sariotako epaimahaian: Juan G. Andres kazetaria, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako kidea. Berri Txarraken ibilbide artistiko eta profesionala txalotu dabe, publikoagaz bat egiteko gaitasuna nabarmenduta: Taldeak milaka jarraitzaileri eskaini deutsez kontzertuak, bost kontinenteetako agertokietan, dino Donostia Kulturak zabaldutako oharrak.
Horrezaz gan, Berri Txarrakek euskal kulturea beti gogoan euki izana azpimarratu dau epaimahaiak. 25 urteko ibilbidean, euskerazko musikea mundu zabalera eroan dau taldeak, eta Euskal Herrian eredu izan da belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat.
Bagilaren 21ean emongo deutsie Adarra Saria Berri Txarrak hirukoteari, Donostian egingo dan ekitaldian. Alkateak emongo deutse oroigarria. Ondoren, iluntzeko 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian kontzertua emongo dau Berri Txarrakek. Sarrerak salgai dagoz gaurtik, Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko lehiatiletan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!