Naiara Goikoetxea artistearen lanakaz apaindu dau fatxadea Azkuna Zentroak

Bizkaie! 2019-05-21 08:03   Kulturea

Tres Gracias, hiru piezako lana Arrikibar aldeko fatxadan dago ikusgai garagarrilaren 15era arte.

Azkuna Zentroak diseinua, ilustrazinoa eta komikiaren inguruan Naiara Goikoetxea artista grafikoaren Tres Gracias interbentzio artistikoa aurkeztu dau; teknika mistoko konposizinoa da, hiru pieza independentez osotuta baina konposizio bakarra dan lana, hain zuzen be. Arrikibar aldeko fatxadan egongo da ikusgai maiatzetik garagarrilera.

Naiara Goikoetxea miresten dituan komiki eta eleberri grafikoetako ilustrazinoetan oinarritzen da: Lan honen bitartez, nigan eragina izan daben eta betidanik praktikau izan ditudan musika, artea eta skate arloak omendu nahi ditut, hiru adierazpen modu eta zeozelan askatasun bideak diranak, adierazo dau.

Artistak olanatan hiru adierazpen modu erakusten ditu, iragana, orainaldia eta etorkizuna azaltzen dira, baita ahalmen sortzailea, eskueran edota sentikortasuna, zerua, lurra eta airea be. Eskerrak, Las Gracias, biziteak dauen gauza ederra dira eta graziak onestasuna, naturaltasuna eta sinplizidadea dakarz. Titulurako erabili izan dodan berba garrantzitsu bat niretzat, lana eskerrak emoteko modua baita, azaldu dau Naiara Goikoetxeak.

Tres Gracias Kulturen Atarira be zabalduko da datozen asteetan, espazio honetarako beren-beregi egindako lan bategaz.

Fatxada proiektua. Diseinua, ilustrazinoa eta komikia Zentro osora be zabaltzen da eta AzShop lako espazioakaz konektetan da; bertan, artista parte-hartzaileek sortutako piezak ikusi ahal izango dira.

Interbentzino artistiko honek, smARTplaces europar programearen barruan kokatua, Art of Skate proiektuagaz alkarlanean dabil, Dortmund U zentro kultural alemaniarragaz batera. Naiara Goikoetxea, argazkigintza eta artearen bidez skatearen historia eta bere uri-inguruaren ikuspegia lantzen dauen artistea da.


Naiara Goikoetxea

Arte Ederretan lizentziau, eta Bartzelonan diseinu grafikoko masterra egin ondoren, Bilbon kokatu zan, arte-galeria batean zuzendaritzea eta komisariotza lanak egiteko. Gero, freelance ibili zan, eta, gaur egun, lan personala eta arlo profesionaleko lanak buztartzen ditu, hainbat bezerorentzat, besteak beste, skate marka, diskoetxe, argitalpen, eta beste espazio batzuentzako. Era askotako lanak eta teknikak jorratzen ditu: ilustrazinoa, diseinu grafikoa edo argazkilaritzea, eta eskulana eta teknologia nahastauta. Musikea, zinemea eta skatea dira haren zaletasun handiak, eta sarritan islatzen dira haren sorkuntza-lanetan. Gaur egun, lehenengo liburu idatzia eta ilustratua atontzen dabil, eta berak produzidutako musikeagaz batera argitaratuko dau.

Azken buruan, smARTplaces lankidetza kulturalaren inguruan entzuleriak garatzeko proiektu europar bat da, kulturea eta artea hartu eta konsumidu egiten dan eran iraultzea eragitea dau helburu teknologia digitala eta bitartekaritza kulturala erabiliz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu