'Mendi-mendiyan', Bilboko bost auzotan
2019-05-20 13:30 KultureaJosé María Usandizagaren operea pantaila handietan eta doban emongo dabe bagilaren 22an.
Ikuskizun lirikoak herritar guztiei hurreratzeko asmoz, Bilboko Udalak eta Arriaga Antzokiak pantaila handiak ipiniko ditue bagilaren 22an uriko bost leku publikotan, José María Usandizaga konpositore donostiarrak sortutako Mendi-mendiyan operea emoteko. Calixto Bieitok zuzendutako moldaketa hori bagilaren 20an estreinauko dabe Arriagan, eta egun bi geroago, bigarren emonaldia egingo dabe. Azken hori eroango dabe pantaila handietara.
Nahi daben herritar guztiak joan ahal izango dira, doban, operea pantailen bidez ikusten. Bilboko bost gune aukeratu ditue Udalak eta Arriagak, arrazoi teknikoakaitik aproposenak diranak, eta ezaugarri aldetik bost auzo desbardinetan dagozanak.
Honeek dira aukeratutako lekuak: Ibarrekolanda plazea, Otxarkoagako Angela Arregi plazea, Errekalde plazea, Azkuna Zentroa eta Zorrotzako pilotalekua. Emonaldia 19:30ean hasiko da. Kulturea gizarteratzeko era honetako ekimenak Europan ohikoak dirala dinoe antolatzaileek, eta Bilbon be antzera egin nahi izan dabe.
Antzokian bertan zuzenean obrea ikustearen magia ez dabe ordezkatu nahi ekimen honegaz. Kontrara, Calixto Bieito zuzendariak azaldu dauenez, era honetako ikuskizun batera joateko asmorik euki ez dabenak erakartea da helburua. Ziur dago horreetako batzuek operea gustuko izango dabena, baina orain arte ez dabe antzokietara joateko ohiturarik izan.
Mendi-mendiyan operea Calixto Bieitok zuzenduko dau, hau da, Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak. Bilboko Orkestra Sinfonikoa arduratuko da musikaz, Erik Nielsenen batutapean, eta abeslarien artean be goi mailako artistak egongo dira: Ausrine Stundyte soprano lituaniarra, Mikeldi Atxalandabaso, Olatz Saitua, Mikeldi Christopher Robertson, José Manuel Díaz, Gexan Etxabe... baita Bilboko Korala be.
José María Usandizagaren Mendi-mendiyan operea Bilbon bertan estreinau zan, 1911n, baina ez Arriagan, Campos Eliseosen baino. José Powerren libretoan oinarrituta, landa giroko istorioa kontetan dau, akto bitan. Libretoa bera gaztelaniaz idatzita dagoan arren, Pepe Artolak itzuli egin eban, eta, beraz, euskerazko operea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!