Euriak Ibilaldia hondatu dau

Bizkaie! 2019-05-20 07:55   Euskerea berbagai

Egin gaitezan erakargarri, egin daigun ahalegin berezia, bakotxak aztertu daiala ibilbidea eta ahalegindu daitela.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Bizkaiko Ikastolen aldeko Ibilaldiaren edegiera ekitaldian hartu dau parte, Lekeition, Azkue Ikastoleak antolatutako jaian. Uriartegaz batera parte-hartzaile izan dira, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Maite Alonso, Hezkuntza sailburuordea; Olatz Garamendi, Administrazino eta Zerbitzuen sailburuordea; eta Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea.

Eusko Jaurlaritzeak legegintzaldi honetarako bere gain hartu dauen erronkea izan dau berbagai Uriartek: Hezkuntza Lege barria: Hogeita sei urte igaro eta gero, Hezkuntza Lege barri batek gaur egun indarrean dagoan Euskal Eskola Publikoaren Legearen lekukoa hartzea. Konpromiso horri eusten deutsagu azaldu eta gogorarazo dau dagoeneko euskadi.eus atariaren egoitza elektronikoan Lege barri horren prozedura administratiboari hasierea emoten deutson konsulta publikoa edegita dagoala, maiatzaren amaierara arte, nahi dauenak bere ikuspuntua azaldu daian: Ikuspuntu ugariz osotutako herria gara, eta horrek aberastu egiten gaitu. Danon artean landuko dagun lege horrek gure hezkuntzea indartzeko eta hobetzeko behar ditugun tresna eguneratuak jaso beharko ditu. Gure konpromisoa betez, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa betez, nire asmoa da legealdi honetan Hezkuntza Lege-proiektua Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarraren eskuetan jartea, bertan aztertu deien zehaztu dau sailburuak.

Lege barrirako bidea, ostera, Hezkuntzearen aldeko Akordioaren Oinarriak jasoten dituan dokumentuagaz hasi zala gogorarazo dau Cristina Uriartek: 'Eragileen parte hartzea oso bizia izan zan prozesu guztian zehar, proposamen ugari txertatuz azken dokumentuan. Euren lanari esker, guztien parte hartzeari esker, akordioa lantzen dauen dokumentua errealidade bat da. Hor dogu oinarria, beraz'.


Euskerea altxor

Hezkuntza sistemak –tartean Ikastolak dirala- eta ganerako gizarte eragileek euskereak egun bizi dauen egoeran izan daben garrantzia be azpimarratu dau Uriartek, argiak eta itzalak be nabarmenduz: Gaur egun euskereak dauen osasuna Ikastolek, ikastetxeek egindako lan guztiari esker da. Badakit sarritan euskerearen ezagutza maila nahiko geunkena baino bajuagoa dala, baina horrek indartu egin behar gaitu gure ahaleginean. Gure aurrekoek egin eben legez. Ez dau balio kexu agertzea. Baditugu tresnak esku artean, baina Hezkuntzeak bakarrik ezin dau. Beraz, ekin daiotsegun, gehitu dau.

Amaitzeko, euskal gizartean bizi dogun aldaketa baten inguruko gogoetea be plazaratu nahi izan dau Hezkuntza sailburuak: Gizarte anitza gara, edegia, pentsamendu eta jatorri ezbardinak ditugun personaz osotua. Euskadi koloretsua gara. Hezkuntza sistemea ostadar horren isla da. Gure ikasgeletan jatorri ezbardinetako ikasleak ditugu, eta gure herrira, gure ikasgelara heltzen diran momentu berean, bat gara. Honeek ez dira hangoak eta gu hemengoak. Danak gara gu. Gure errealidadean sartu daitezan, gure kulturea eurena bihurtu daiten, geure hizkuntzea ikasle barri horreei oparitzen deutsegun altxor sentidu deien, danok gara beharrezkoak. Egin gaitezan erakargarri, egin daigun ahalegin berezia, bakotxak aztertu daiala ibilbidea eta ahalegindu daitela. Danon artean, herri anitza eta bateratuagoa bihurtu gaitezen.


Azkue Ikastolea

Eguraldi txarrak eragindako kalteei aurre egiteko, babesa eskatu dau Lekeitioko Azkue Ikastoleak eta kontu korronteak jarri ditue eskuragarri:

LABORAL KUTXA ES95 3035 0058 30 0581172598
KUTXABANK ES86 2095 0114 60 9117934827

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu