Mungiako XIV. Berba Probak egingo ditue zapatuan

Bizkaie! 2019-05-17 11:32   Euskerea berbagai

Euskerazko esakuneak ezagutu beharko ditue talde parte-hartzaileek.

Euskerearen erabilerea bultzatu, esamolde tradizionalak zabaldu eta herrian giro ona zabaltzeko asmoz, hamalaugarren aldiz egingo ditue Mungiako Berba Probak zapatuan, hilak 18. Andra Marin batuko dira danak, goizeko 11:00etan, eta tabernarik taberna, ibilbideari ekingo deutsie.

Geldialdi bakotxean esakune bati lotutako bertsoa botako dau bertsolari batek, eta taldeek asmau egin beharko dabe zein dan, puntuak batu ahal izateko. Aurtengo edizinoan agertuko diran esakunen zerrendea aurretik ikasi leikie parte-hartzaileek (hemen dago). Ibilbidean zehar, trikitixearen doinuek lagunduko deutsie guztiei.

Bazkalorduan ibilbide guztiek bat egingo dabe, eta orduan jakingo da nortzuk izango diran finalistak. Proba arin batzuk eginda, irabazlea aukeratuko dabe epaileek. 240 euro emongo deutsiez talde irabazleari, eta 180 bigarrenari. Ondoren, bazkaria, musikea eta abar egongo dira nahi daben guztientzako: antolatzaile, parte-hartzaile, lagun, entzule...

Lehiaketa berezi hau Mungian Euskeraz taldeak antolatzen dau. 1990ean sortu eben herriko euskaltzaleek, jarduera eta kanpainen bidez euskerearen alde eragiteko asmoz. Berba Probak ez eze, Mihiluze, Laburbira eta abar be antolatu izan ditue, beti euskerea astialdiagaz lotu guran. Euskaraldiaren bultzatzaile garrantzitsua be izan da Mungian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu