Interneten euskerazko edukien alde egiteko eskatu dau Puntueusek

Bizkaie! 2019-05-16 09:51   Euskerea berbagai

Internet Egunaren harira, dei berezia zabaldu dabe.

Puntueus Fundazinoak, .eus domeinua kudeatzen dauen erakundeak, euskerazko edukiak sortu zein konsumiduteko deia egin dau, bihar, barikua, egingo dan Interneten Eguna dala eta. Izan be, euskerearen erabilereari lotutako datu negatibo batzuk dagoz sarean. Esate baterako, Euskal Herriko webgune guztien % 16-k baino ez dabe euskerazko edukiren bat eskaintzen. Ia 27.000 webgune dira, edozelan be.

Datu hori hobetzeko, eskaintzea ez eze, eskaria indartzeko beharra azpimarratu dau Puntueusek. Euskerazko eskaintza gehiagogaz handituko da euskerearen presentzia sarean, baina erabiltzaileen eskariak eragingo dau igoera hori.

Puntueus domeinuetan bestelakoa da jokerea, .eus izendapena daben webguneen % 89-k daukiezalako euskerazko edukiak. Hortaz, interneten euskerearen arnasgune digitala da domeinu hori, Fundazinoaren arabera.

Erabiltzaileak motibau eta trebatu beharra azpimarratu dau Puntueusek, euskerazko edukien eskaintzeari eta eskariari bultzadea emoteko. Gure komunidade digitala indartu eta ingurune digitala euskeraz konsumidu eta sortzera bultzatu behar dogu.

Datu negatiboetara bueltauta, Puntueusek ikus-entzunezkoak aitatu ditu. Alor horretan euskereak ez daukala lekurik ohartarazo dau, eta kontuan hartzeko datua da, ze 2018ko interneteko trafiko guztiaren erdia baino gehiago ikus-entzunezko edukia izan zan: % 57 bideoak eta % 8 bideojokoak.

Kontrara, sareko entziklopedia libre handienaren kasua positiboa da. Euskerazko Wikipediak 350.000 artikulu ditu gaur egun, munduko 29.a da. Euskerearen tamainuko hizkuntza batentzat datu bikaina da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu