Euskerearen erabilereagaz loturea daben faktoreak aztergai
2019-05-16 09:42 Euskerea berbagaiNatxo Sorolla, Olatz Altuna eta Imanol Larrea ikerlariek gidatu dabe proiektua.
Soziolinguistika Klusterrak 2018. urte hasieratik hona landu dau proiektua eta bide horrek emondakoaren laburpena argitaratu dau orain, txosten forman. EAEko udalerriak izan dira azterketearen ardatza eta horreetan aldagai soziolinguistikoek bestelako aldagai soziodemografikoakaz daben loturan sakonduz osotu da azterketea.
Natxo Sorolla, Olatz Altuna eta Imanol Larrea ikerlariek gidatu dabe proiektua eta orain arteko ondorioetatik bestelako ikerketa-arloak zabaltzea aurreikusten da.
Soziolinguistika Klusterrak urte asko daroaz euskerearen erabilereari buruzko datuak jasoten. Azken urteotan ehun bat herrietako kaleetako datuak batu dira, zehaztasun handiz. Datu multzo handi horren interpretazinoan sakontzeko aukerea eta beharra ikusi zan eta helburu hori beteteko asmoz abiatu zan ikerlan hau 2018 urtearen hasieran. Euskerearen erabilereagaz loturea daben faktore soziolinguistikoen eta soziodemografikoen azterketea egin da. Azterlan honek hurrerapen estadistiko kuantitatibotik heldu nahi deutso euskerearen erabilereagaz lotzen diran faktoreen identifikazinoari; horretarako, hainbat aldagai soziolinguistiko eta soziodemografiko erabili dira; aldagai soziolinguistikoen artean bi dira: hizkuntzea ezagutzea eta lehen hizkuntzea. Aldagai soziodemografikoen multzoa, barriz, oso zabala da: hezkuntza-eredua, biztanleriaren edadea, jatorri demografikoa, migrazino-saldoa, udalerriko biztanleriaren tamainua, jaiotza eta heriotza tasak, hazkuntza begetatiboa, lan-mugikortasuna, hezkuntza-mobikortasuna, egoera zibila, familia eredua eta neurria, ikasketa-mailea, lanbakotasun tasea, establezimenduak, barruko produktu gordina, errentea, balio erantsi gordina, nekazal lurzoruaren banaketea eta lurraren okupazinoa. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herriak dira analisi-unidadea, eta horreen kaleko erabilera-portzentajeak eta etxe-giroko erabilera-portzentajeak dira ikerketearen ardatza.
Natxo Sorolla ikerlari aragoiarra arduratu da azterketa estadistikoa bideratzeaz. Natxo Sorolla doktorea, soziolinguistika katalanari buruzko ikertzaileak personen arteko hartu-emon sareek hizkuntza gitxituen erabileran daben eraginaz ikerketzen dabil eta gai hau lantzen dau interneteko bere blogean: Xarxes socials i llengues. Esperientzia zabala dau lurralde katalanetan egindako ikerketa soziolinguistikoetan eta hainbat unibersidadetan dabil lanean. Xarxa CRUSCAT ikerlari sareko kidea da eta Treballs de Sociolingüística Catalana aldizkari zientifikoan be badabil. Sorollaren kanpo begiradea, gure errealidade soziolinguistikoaren adierazleak aztertzeko mesedegarria edo interesgarria izan eitekelakoan egin jakon proiektuaren parte izateko gonbidapena.
Lehen azterketa estadistiko hori oinarri legez hartuta, tokiko errealidadearen ezagutza eta analisiek emondakoaren interpretazinoa jartea Soziolinguistika Klusterraren esku geratu da. Olatz Altuna eta Imanol Larrea arduratu dira hurragoko begirada hori, kontrastea eta interpretazinoaren bigarren faseaz. Holan, norabide bitatik lan mamitsua egin da.
2019
Ondorioek erakutsi dabenez, ezin esan daiteke honako hau azterlan amaitua danik. Hainbat dira edegitako bideak eta aukerak. Ikertzen jarraitu behar da, eragozpen handiko alor honetan fokua galdegai egokietara bideratu, eta, teknika kuantitatiboak nahiz kualitatiboak erabiliz, errealitate soziolinguistikoaren gako nagusiak argitzen saiatu. Holan, 2019an ikergai beraren alderdi kualitatiboari erreparauko jako; erabilereari buruzko portzentajeen eta zenbatekoen ordez, herritarren arrazoibideak eta eretxiak jaso eta aztertuko dira. Gehiegizko dispersinoari aurre egiteko, ikerketea gazteen edade-tartera mugatuko da. Gazteen ikuskerak, bizipenek eta hizkuntzeagazko jarrerak zer esan handia dabe hizkuntzaren bizibarritzean, eta bide erakusle izan daitekez. Lau herritan egingo dogu ikerketa kualitatiboa, eta 2020ko zezeilean argitaratuko dira emoitzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!