'Vitoria, 3 de marzo'
2019-05-13 10:14 Zinema kritikakGasteizko Zaramagan 1976an jazotakoa kontetea da asmoa, konpromiso sozial eta politikoa abiapuntu dala.
- Zuzendaria: Victor Cabaco.
- Gidoia: Héctor Amado, Juan Ibarrondo.
- Aktoreak: Ruth Díaz, José Manuel Seda, Alberto Berzal, Mikel Iglesias, Amaia Aberasturi, Iñigo de la Iglesia.
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Generoa: drama historikoa.
- Musikea: José Luis Canal.
- Produktoreak: Gariza, Sonora.
- Balorazinoa: 3/5
Donostiako Nazinoarteko Zinemaldian estreinautako Vitoria, 3 de marzo heldu da azkenean zinema aretoetara. Azkenean, dinot, zeren proiektu hau aurrera ateratzeko ahalegin handia egin behar izan dabe lagun askok.
Filmak konpromiso politiko eta sozial bat dau abiapuntu: Gasteizko Zaramaga auzoan 1976an jazotakoa kontetea. Izan be, Gasteiztik kanpo, Euskal Herrian, Espainian eta Europan jente askok, batez be belaunaldi gazteek, ez dabe ezagutzen jazoera larri hau: Poliziak langileen asanblada baten kontrako errepresinoan, bost langile hil zituala eta zauritu asko eragin.
Historia hori berrereregiten dau pelikula honek, testuinguru sozial eta politikoa aurkezten, Transizinoa deitutakoaren alderik ilunena gogorarazoten. Seguruenez ikusle gehiagogana heltzeko asmoz, fikzinoa aukeratu dabe historia hori kontetako, eta ez dokumentala, nahiz eta irudi eta audio erreal asko erabili. Emoitzan, askoz indar gehiago dabe irudi errealak erabilten dituen tarteek, eta, aldiz, fikzinozko istorioa makal xamar geratzen da, tramak eta amodiozko istorioak ez dabe guztiz ondo funtzionetan.
Dana dalakoan, pelikuleak bere helburua lortzen dau eta danok geure seme-alabak, ilobak edota ikasleak berau ikusten joateko animau behar doguz.
Azken minutuek, polizien audio, kargen irudi, Lluis Llachen Campanades a mort kantea eta hileta-eleizkizunen irudiakaz, benetan oilo-ipurdia jarten dabe, eta malko bat baino gehiago eragingo ditue.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!