Erakunde arteko alkarlana nabarmendu dau Cristina Uriartek Herri Urratsen

Bizkaie! 2019-05-13 08:00   Euskerea berbagai

'Alkarlanik barik, euskereak gehiago sufriduko leuke; eta guk beragaz batera'

Miren Dobaran, Cristina Uriarte eta Olatz Garamendi | Ikusi handiago | Argazki originala



Cristina Uriarte Hekuntza sailburuak Iparraldeko ikastolen aldeko Herri Urrats jaiari edegierea emoteko ekitaldian izan zan bart Senperen. Sailburuagaz batera, Eusko Jaurlaritzearen ordezkari Senperen izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Olatz Garamendi Administrazino eta Zerbitzuetako sailburuordea be.

Berbaldian, euskerea indartu eta finkatzeko erronkaz ebilela, Uriarte sailburuak nabarmendu dauen berbetako bat alkarlana izan da: Aspaldi ulertu genduan pausuak emoteko, alkarri eskutik helduta egin ezkero askoz errazagoa zala. Edo beste modu batera esanda, alkarlanik barik, euskereak gehiago sufriduko leukela; eta guk beragaz batera ziurtatu dau. Horren adibide, Hiruko Ituna hartu dau berbagai Uriartek, orain urte bi Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak hizkuntza politika gaietan alkarlanean ibilteko hartu eben konpromisoa. Euskerearen lurraldeak batzen dituan zubia deitu deutso Jaurlaritzako ordezkariak alkarlan horri: Urte bi honeetan lan asko egin da; proiektu eta lan arlo nagusiak zehaztu dira, pausuak emon dira. Alkarlana sendotu dogu, eta alkarlan horrek gu guztiok sendotu gaitu. Nahiz eta jakin badakigun oraindino be zeregin asko dogula, prest gagoz horretarako. Errespetuan oinarrituta, norberaren usteak eta errealidadeak autortu eta jagonez, euskalduntze eta normalizazino prozesuak aurrera jarraitzen dau, baieztatu dau Uriartek.

Hiruko Ituna osotzen daben erakundeen eginahala ez eze, norabide berean lanean urteetan dabizen beste eragile batzuk be gogoan izan ditu Hezkuntza sailburuak, Herri Urrats jaia antolatzen dauen Seaska alkartea bera, esaterako: Seaskak 50 urte bete ditu honezkero. Urte honeetan guztietan persona asko eta asko ibili izan dira etenbarik euskerearen alde egiten. Eskertzekoa da egindako ibilbidea, baita etorkizunean egiten jarraituko dozuena be.

Beste alde batetijk, Eusko Jaurlaritzearen eta Ikastolen Alkartearen lankidetzeari esker, Herri Urratsera bertaratu diran gazteek Erronka egitasmoaz gozau ahal izango dabe egunean zehar. Aurten lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzeak babestu dau 2013an sortutako proiektu hau. Egitasmoaren helburua da gazteen partaidetza aktiboa sustatzea ikastolen jaietan, eta horretarako taldeka gainditu beharreko kirolagaz eta abentureagaz lotutako probak planteetan jakez; batetik, ikasleen abilezia, indarra eta abiadurea neurtzen da probetan; bestetik, buruargitasuna, jakintza orokorra eta euskaltzaletasuna be kontuan hartzen da. Erronkaren aurtengo kamisetek Eusko Jaurlaritzeak kirolean be euskerearen erabilerea sustatzeko abiatu dauen Euskal Kirolari proiektuaren logoa daroe.

Helburua

Aurten, Herri Urrats Xiberotar eta Baxenafartar ikasleak batzen dituan Manex Erdozainzi Etxart Kolegioaren alde (MEEK) izan da. Ipar Euskal Herriko barrualdea hutsitzen dagoan bitartean, 11 eta 14 urte bitarteko gazteak batzen dituan Kolegioa garapen betean da. Xiberoako eta Baxenafarroaren etorkizuna dira aurten MEEKen diran 190 ikasleak.


Manex Erdozainzi Etxart Kolegioa

1999 urtean Baxe Nafarroko olerkari ospetsu baten izeneko ikastetxea sortu eben, Donaixtiko herrian kokatutakoa, Xiberoko Ozkaxeko lepoko bidean dagoan azken Nafartar herrian. Hasieratik, Seaskako Kolegioak probintzien bien arteko zubi kulturala izango zala esaten zan.

Larzabalen kokatutako kolegioak Aloze, Sohüta, Amikuze, Oztibarre, Garazi, Azkarate, Baigorri eta Ortzaizeko lehen hezkuntzako ikastoletatik heldutako ikasleak eskolatzen ditu bigarren hezkuntzan. Kolegioan 4 urte pasau ondoren, Baionako Etxepare lizeora joaten dira ikasleak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu