Manu Bendala: 'Euskereagaz maiteminduta nago'

Koldo Isusi Zuazo 2019-05-13 12:10   Barriketan

Sevillako bertsolaria.

Hogeita sei urtegaz, 2008. urtean Andaluziatik Euskal Herrira etorri, 10 bat urtean euskerea ikasi eta Gasteizen Zadorrako AEKn eskolak emoten dabil, aurten Arabako Bertsolari Txapelketan kantetako be sailkatu zan eta gure artean sano integrauta dago.


1.- Bizimodua goitik behera aldatu eta Andaluziatik Euskal Herrira etortea erabagi zenduan orain 11 urte. Zergaitik? Zer itxi zenduan han?

Aspaldiko kontuak dira, biziten etorri baino lehen Euskal Herrira ostera batzuk eginda nengoan, izan be, magisteritza ikasketak egin eta autismoaren munduan nenbilen eta udalekuetan eta egon izan naz hemen. Beti gustau izan jataz hemengo giroa, kulturea, hizkuntzea, lan egiteko aukera zabalagoa eta uda batzuk joan-etorrian emon ondoren, argi neukan aukera bat emon gura neutsola Euskal Herriari, probau behar nebala barruan neukan susmoa hona etorrita. Holan izan zan.


2.- Berehala ikusi zenduan euskerea derrigor ikasi behar zenduala hemengo gizartean, kulturan sartu eta jenteagaz komuniketako. Non ikasi zenduan? Zelakoa izan zan prozesua?

Hasieran, euskerea hizkuntza ezbardina otu jatan, hizkuntzak beti gustau izan jataz baina sekula ez naz trebea izan. Hori bai, banekian nahitaez ikasi behar nebala bertoko kulturea ulertzeko. Kulturea eta euskerea oso lotuta ikusten nituan eta hemen egonda euskeraz jakitea errespetu kontua be bazala pentsau neban.

Gipuzkoan, Pasaian biziten nengoala, euskaltegian hasi nintzan baina kalea be nabarmenduko neuke ze lagunekaz, pisukideakaz eta beharrizana egoan berba egiteko eta eskolarik onena hortxe egoan. Akatsak egin arren, ikasten neban apurra lotsa barik esaten neban. Hizkuntza bizia zan, sano erabilgarria eta prozesua oso aberasgarria izan da, esker oneko prozesua. Ikasitako lehenengo berba eta esaldiak izan ziran: 'parkatu, Andaluziakoa naz, euskerea ikasten nabil', trabatu arren, beti saiatzen nintzan euskeraz egiten eta euskaldunek asko eskertzen eben jarrera hori.

3.- Hurrengo pausua euskera eskolak emotea izan zan. Zelan ausartu zinan?

Normal hartu neban. Beti esaten dot euskereagaz maiteminduta nagoala, opari bat izan da niretzako, kriston aukerea amaiera bako ikasketa prozesuan jarraitzeko. Lanean eszedentzia eskatu eta buelta lar barik, asko pentsau barik, buru-belarri sartu nintzan AEKn, euskera irakasle izateko behar zan glotodidaktika ikastaroa egin eta berehala.

Euskereak emon deustazanak, nortasuna, hartu-emonak, mundua ikusteko eta ulertzeko jarrerea eta bestelako batzuk nik neuk euskereari emoteko atxakia izan da eskolak emotea. Harro esaten dot euskalduna nazela eta badaukat aukerea nire onena emoteko euskerearen alde.


4.- Zer behar da hizkuntza bat ikasteko?

Gogoa eta pasinoa beharrezkoak dira baina pazientzia eta lotsak baztertzea be ezinbestekoak dira eta motibazinoa, jakina. Bakotxak bere erritmoa dauka eta amak sarri esaten deustan legez, umetan negargarria zan nire jokerea hikuntza eta bestelako ikasgaiakaz. Kontua da ze, presino barik, ezelako beharrizan barik, prisa barik, mimoa eta kariñoa oso inportanteak dira, gustora ibiltea da botikarik onena eta hori izan da nire kasua.


5.- Oso sartuta zagoz euskal gizartean eta euskereagaz lotutako gauzetan be ibili zara: Euskaraldia, Ahobizi, Belarriprest, Korrika... Parte hartu dozu ekimenotan?

Bai, zelan ez. Dana dago lotuta. Korrikan, jakina, AEKn eskolak emoten ibilita eta aurten Gasteizen amaituta, hor ibili gara. Lan karga handia izan da baina hunkigarria be bai eta pozik ibili gara. Holako ekimenak beti gustau izan jataz eta hau derrigorra zan, euskerearen militante sentiduten naz eta barrutik bizitea oso ederra izan da. Harropuzkeriarik barik, nirea lako kasuak eredugarriak dira ikasten hasten diranentzako, zerotik hasi eta aurrera egiten dabenentzako. Ganerakoetan, Euskaraldian be parte hartu dot, saiatu naz nire ingurukoek be parte hartu deien laguntzen, militantzia hori beharrezkoa da eta ni neu prest nago. Euskereak badauka erresistentzia puntua eta bultazadatxuak emotea jagoku, geureari eutsi eta jagoteko eta kontrako norabidean gabizenean bueltea hartzeko kapaz izateko.


6.- 2015ean Gasteiza bizitera joan eta Bertso eskolan hasi zinan, Felipe Zelaieta irakasle zenduala. Ordurako euskeraz bazenkian baina zeintzuk izan ziran arazorik potoloenak, hiztegia, errimak, doinuak...?

Atara kontuak. Arazo potoloena euskerea ikasten jarraitzea izan zan. Euskaltegian eta Maizpide barnetegian hile batzuk emon nituan, hirugarren perfila, EGA eta banituan baina argi neukan gehiago ikasi behar eta gura nebala eta, beraz, beste pausu bat izan zan bertsolaritzearen munduan sartzea. Laugarren perfila edo Bertso Eskolan sartu, aukera bi horreetatik bigarrena aukeratu eta ez daukat damurik. Hori bai, lehenengo egunean dudak nituan, aurrera segidu ala ez, nire burua ez neban prest ikusten mundu horretan sartzeko baina maitemintze prozesua izan zan ikasteko eta burua lantzeko, lexikoa, errimak eta doinuak ikasita, sormena be landu behar zan eta oso pozik nabil zereginotan, bertsoak lotzen nau euskereagaz eta hori da gura dodana, hizkuntzea da kultureagaz, herriagaz lotzen nauena.


7.- Inprobisazinoaren munduan, lehen plazea 2016an izan zenduan Azpeitian, Bertsotrunk egitasmoan. Zelan gogoratzen dozu mikroa hartu eta kantetan hasteko momentua?

Momentu polita izan zan, ames txiki-handia izan zan, sufridu neban baina momentu horrek ez dauka parekorik; Eskolara joan nintzan lehenengo egunean pentsau be ez neban egiten egunean baten mikroa hartu eta kantetan hasiko nintzanik.


8.- 2018. urtean, Arabako Kuadrilla artekoan parte hartu zenduan. Ordurako euskeraz zein bertsotan beteranoa zinan...

[Barreka] Beteranoa ez baina lotsa eta konpleju gitxiagogaz ekin neutson. Koadrila artean babestuta sentiduten zara, giro polita egon zan eta holan hobeto kantetako aukerak ugaldu egiten dira. Nire burua probetako modua izan zan, bakarka kantetako eta sortzeko kapaz nintzan ala ez egiaztatzeko.


9.- Aurten Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartu dozu, izan be, zezeilaren 23an, Aramaioko final laurenean sartu zinan. Zu kantuan entzunda, zer esan eutsuen etxekoek?

Pozik, harrituta, hunkituta geratu ziran etxekoak, neu be harro nengoan; lagun bat ibili jaken azalpenak eta zeozelako itzulpenak egiten. Ez neugaz bakarrik, saioa oso gustora entzun eben, emozionau egin ziran, baita neu be, eskerrak emon behar deutsedaz euskereari, bertsotan egiteko aukerea emon eustienei eta txapelketeari berari. Txapelketarako sailkatu nintzanean be, etxean sekulako giroa sortu zan, komunikabideetan argitaratzen zan guztia batzen eta pilatzen hasi ziran.


10.- Polito zabiz euskeraz eta sevillarra zarela gogoan hartuta, azenturik ez jatzu igarten. Zelan da posible?

Sekula ez dot azentu gogorrik izan eta galdu be egin dot. Ez dot uste sevillarren prototipoa nazenik horretan. Señorito Andaluz, sevillanito eta holakok sarri entzun arren, ez deust ardura. Gaztelaniaz nabilenean mantsoago egiten dot berba baina, jakina, Sevillara joan eta anaiagaz edo lagunekaz hango berbetea erabilten dot.


11.- Bihar etzi zer? Hemen jarraituko dozu ala etxera bueltan joan gurako zeunke?

Orain urte batzuk aukerea emon neutsan Euskal Herriari eta egun oso gustora nabil, hemen jarraitzen dot, gauzak ondo doaz eta hau da nire txokoa edo bazterra. Dana dala, orain urte batzuk pentsauezina zan nire gaurko bizimodua zelakoa izango zan baina gaur egun hemen ikusten dot nire burua, euskerea bihurtu da nire bizitzearen ardatz, nire lana, lagunak, nire pasinoa, dana daukat hemen, sustrairik ez baina bidean segiduten dot, arbola genealogikoan, arabiarretik, Galiziatik, Bordeletik arrastoak topau arren, hemengoak falta baina burua Euskal Herrian daukat. Polita izango litzatek sustrai propioak hemen ezartzea, euskalduna naz eta harro nago.


12.- Euskerea da euskaldun egiten gaituana...

Bai, egia da. Nik emoten deutsat indarra euskereari, neure neurea sentiduten dot, euskereak definidu egiten zaitu eta hori oso baliotsua da niretzako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu