Olatz Arrieta eta Rosa María Calaf, Bidebarrieta liburutegian
2019-05-10 10:28 Pil-pileanKazetaritzaz eta nazinoarteko gaiez egingo dabe berba martitzenean, Eztabaidak Literatureagaz zikloan.
Barriemole lanetan urte ugari daroezen profesional bi konbidauko ditu Bilboko Bidebarrieta Liburutegiak martitzenean, hilak 14: Olatz Arrieta eta Rosa María Calaf. Telebistan eta irratian ibilbide luzea egin dauen beste kazetari batek, Dani Álvarezek gidatuko dau Escribir frente a una cámara izeneko saioa, 19:30ean hasita. Sartzea doban da.
Ohiko literaturatik aparte ibiliko da, beraz, Eztabaidak Literatureagaz zikloa oraingo honetan. Ikus-entzunezko medioetan zentrauko da barriketaldia, baina sorkuntzea eta narrazinoa beti begibistan dagozala. Izan be, Arrietak eta Calafek euren esperientziak kontauko ditue, publikoak jakin deian nazinoarteko jazoerak zelan kontetan dituen.
Sarritan ez da erraza zuzenean barriak emotea telebista edo irratian, atzerriko herrialde batetik, azken ordukoaren presak estututa eta batzuetan gatazka baten erdian. Horri aurre egiteko zelako trikimailuak erabilten dituen eta ze estilo personal garatu daben azalduko dabe kazetari biek, era horretako egoeretan esperientzia zabala daukie eta.
Ganera, gaur egungo kazetaritzearen erronkei be begiratuko deutsie, batez be lanbidearen krisiari, edonor, edonoz kazetari bihurtu leiteken sasoiotan, teknologia barriak dirala eta. Profesionaltasunak eta zorroztasunak horren aurrean daben indarra azpimarratuko dabe.
Rosa María Calaf (Bartzelona, 1957) Zuzenbidean lizentziaduna dan arren, batez be TVE Espainiako telebista publikoari lotuta egon da bere ibilbidean. Estadu Batuetan, Argentinan, Asian eta Moskun barriemole ibilitakoa da. TV3 Kataluniako telebista publikoaren sortzaileetako bat be izan zan.
Olatz Arrieta (Donostia, 1971), ostera, EITBko medioetan ibili da azkenaldion. Moskun urte bi egin zituan errusiera ikasten eta hango barri emoten. Estadu Batuetara joan zan, komunikazinoaren munduko enpresa batzuetan lan egitera, eta 2000. urtetik EITBren barriemole egin zan. Errusian eta New Yorken egon eta gero, Bruselan dabil gaur egun, Europar Batasuneko gaiak euskal publikoarentzat lantzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!