Dultzainea eta trikitixea bat eginda, 'Osto eta Ale' diskoan

Bizkaie! 2019-05-09 11:36   Musikea

Alejandro Irizar eta Jon Ostolaza dira egileak.

Alejandro Irizar eta Jon Ostolaza | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala hamarkada batzuk ohikoa ei zan Euskal Herriko erromerietan dultzainea eta soinu txikia alkarregaz jotea, baina ohitura hori galtzen joan da beste konbinazino batzuen mesedetan. Formula tradizional hori berreskuratzeko asmoz grabau dabe diskoa Alejandro Irizarrek eta Jon Ostolazak, tresna biek alkarregaz jota daukien balioa publikoari erakusteko asmoz.

Ostolaza eta Irizar bikotearen lehenengo diskoa da Osto eta Ale, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik datorrena. Trikitixa doinuak dira kantuen oinarria, dultzainearen soinu bereziak lagunduta. Porrusaldea, fandangoa, arin-arina, baltsa, pasodoblea... dagoz diskoan, baita kunbia be. Irizarrek joten dau dultzainea, eta Ostolazak soinu txikia.

Hain zuzen be, 50 urte zituala hasi zan Alejandro Irizar dultzainea joten. Tresna tradizional horren sekretuak ikasi eta gero, publiko zabalagoari erakustea pentsau eban. Holan, Jon Ostolazaren trikitixea lagun, diskoa ateratzeko proiektua sortu zan. Gaztelupeko Hotsakek dinoanez, hasieran arrotza egin leikio tresna bien konbinazinoa entzuleari, baina behin ohituta, freskotasun bizigarria igarten da.

Itziar herria be bada disko honen abiapuntuetako bat. Orain dala 40 urte sortutako txaranga-n belaunaldi askotako musikariak batzen dira, eta han ezagutu eben alkar Ostolazak eta Irizarrek. Azken honek bonboa joten eban, baina dultzaineari ekin eutsanean, bikote musikala sortzea erabagi eben.

Diskoagaz batera datorren libururuxkan, dultzainearen eta trikitixearen ganeko jakingarriak batu ditue. Juan Mari Beltran adituak bertan dinoanez, trikitixea Euskal Herrira heldu zala ez da horrenbeste denpora. Berehala hartu eban lehenagoko instrumentuen lekua, tartean dultzainearena. Izan be, gaur egun soinu txikiagaz joten diran pieza asko jatorriz dultzaineagaz joten ziran. Hortaz, sasoi baten ohikoak ziran dultzainero-trikitilari bikoteak herrietako jaietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu