'Gero eta euskerazko doktoretza-tesi gehiagok lortzen dabe nazinoarteko kalifikazinoa'
2019-05-08 12:53 Euskerea berbagai2018. urtean, 33 tesi defendidu zituen euskaraz UPV/EHUn.
Gaur, maiatzak 8 dituala, Euskerazko Tesien VI. Koldo Mitxelena sariak emon ditue Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Diplomea eta 2.000 euroko diru-kopurua jaso ditu bakotxak.
Saria 2008tik antolatzen dabe alkarlanean Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiaren Iker Sailak. Urte birik behin egiten da deialdia, eta egitasmoaren sustatzaileek euskarazko tesien ekarpen bikotxa goraipatu izan dabe hasiera-hasieratik: batetik, jakintzearen arloa zabaltzen laguntzen dabelako eta, bestetik, euskerearen normalizazino prozesuan guztiz lagungarriak diralako.
Sariak antolatzen dituen erakunde bien izenean, honako ordezkariek egin dabe berba gaur: Andres Urrutia euskaltzainburua, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Adolfo Arejita Iker sailburua eta Jon Zarate Euskerearen eta Etenbako Prestakuntzearen arloko errektoreordea.
Nazinoartekotasuna
2018. urtean, 33 tesi defendidu zituen euskeraz UPV/EHUn, eta horreetatik 17 nazinoartekoak izan ziran, aurreko urteko kopurua bikoiztuz. Horretaz jardun dau Nekane Balluerka errektoreak prentsaurrekoan: Zientzian, beste hainbat diziplinatan legez, kantidadea baino garrantzitsuagoa da kalidadea. Euskerazko doktoretza-tesien artean gero eta tesi gehiagok lortzen dabe nazinoarteko kalifikazinoa. Horrek zer esan gura dau? Batetik, ikerketea egin dauenak egonaldia egin behar izan dauela atzerriko beste unibersidade batean; bestetik, tesiaren laburpen sakon bat komunidade zientifikoak erabilitako hizkuntza batean argitaratuko dala, hau da, ingelesez zabalduko dala.
Euskerazko ikerketearen garrantzia be nabarmendu dabe gaurko agerpenean UPV/EHUko eta Euskaltzaindiko ordezkariek eta, horrezaz gan, dibulgazinoaz berba egin dau Adolfo Arejitak: Ikerkuntzea premiazkoa dau gizarte batek, aurrera egingo badau. Gizarte horren premina eta eskakizunei erantzungo deutsen ikerkuntzea behar dau, etorkizunaren zibuzabu eta noraezen aurrean urratsa seguru eta sendo emoteko. Beraz, gure gizartearen preminei egoki erantzungo deutsen ikerkuntzea behar dogu, eta gizartearen esku ipini. Euskal hizkuntzea gizarte-fenomenoa danez, ikerkuntzeak be gizarteari edegia eta haren mesedetan bideratua behar dau izan –gaineratu dau Iker sailburuak-, ez altxor lez gorderik iraungo dauen zerbait. Ikertzen dan oro, baliokoa dan bezanbatean, dibulgatzekoa da, eta horixe da, besteak beste, sarion bidez bilatzen dana.
2018an, azken urteotako lan kopuru bertsua aurkeztu eben, % 8,41 (2017an, % 8,96). Guztira, 333 tesi defendidu zituen, horreetako 33 euskeraz.
Sarituak
1. Zientziak:
- Egilea: Asier López Eiguren.
- Tesia: Eremu-teorien eta eredu analitikoen bidezko defektu kosmikoen ezaugarritzea.
2. Ingeniaritza eta Arkitektura:
- Egilea: Olatz Pérez de Viñaspre Garralda.
- Tesia: Osasun-alorreko termino-sorkuntza automatikoa: SNOMED Ctren eduki terminologikoaren euskaratzea.
3. Osasun Zientziak:
- Egilea: Mikele Macho Aizpurua.
- Tesia: Herpes genitalaren ikerketa epidemiologiko, kliniko eta mikrobiologikoa Bilbo hirian.
4. Gizarte eta Lege Zientziak:
- Egilea: Juan Mari Aguirreurreta Elosegui.
- Tesia: Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan: fikzioaren antolamendua L´Etre et le Neant obra filosofikoaren ‘Begirada kapituluan.
5. Artea eta Giza Zientziak:
- Egilea: Miren Ibarluzea Santisteban.
- Tesia: Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografikoak eta itzultzaileak fikzioan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!