Basque Team korrika KORRIKAgaz bat
2026-03-27 07:50 Euskerea berbagaiBaloreetan BAT proiektuaren bitartez, kirolaz harago doazen gaiak jorratu nahi ditu.
Basque Teamek bat egin dau egitasmoagaz Getxon kilometro bat eginda (bideoa), Pello Reparazen Xiberutikan mendebaldera abestiaren erritmoan, hizkuntza politika eta euskerari bultzadatxua emonez. Odei Jainaga jabalina jaurtitzaileak, Gadea Moja skaterrak, Mikel Erdozain ugerlariak eta Higinio Rivero piraguista eta eskiatzaileak eroan dabe lekukoa, beste kirolari guztien ordezkari legez, Basque Team Zentroko teknikari eta beste hainbat langilegaz batera.
AEK-k antolatuta, Euskara gara lelopean, euskararen herria zeharkatzen dago 24. KORRIKA 2026ko martiaren 19tik 29ra, Atharratzetik Bilbora. Omendua, bestalde, Errigora izango da.
24. KORRIKAk 3436 lekuko–hartze izango ditu eta 2.175 kilometro aurtengo ibilbideak, beraz, inoiz baino parte-hartzaileagoa aurreikusten da lasterketea. Edizino honetan, euskerearen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik urten eban martiaren 19an eta, hamaika egunetan Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hilaren 29an, datorren domekan, gitxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean.
Ohitureari jarraituz, aurreko Korrika amaitu zan lurraldean hasi da oraingoa: Xiberoan, hain zuzen be. Aurkezpen-egunean iragarri bezela, Atharratzen hasi da KORRIKA, itzalguneetako bat baita Xiberoako Basabürüa eskualdea, izan be, Korrika ez da bertatik pasetan, han hasi besterik ez. Handik pasau zan lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zan (4. KORRIKA), hau da, Atharratzetik ekin jakon urtean. Kontua da ze euskerea sustatu eta kalera atarateko beharra sekula baino agirikoagoa da bertan: Xiberoan eta Basabürüan euskerea bizirik dagoan arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emoitzetan ikusten da etxeko transmisinoa eten egin da, eskola-transmisioak ez dau % 15 gainditzea lortzen eta euskerearen erabilerea desagertzen dago kaleetan. Gainera, Xiberoa da, eta batez be, Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituan lurraldea/eskualdea.
Amaiereari jagokonez, eta KORRIKAren beste ohitura bati jarraituz, amaiereak bost uribururen artean txandakatzen dira: Baionan amaitu zan azkena, eta 24. KORRIKAn Bilbok izango dau azken metroak ospatzeko ohorea, martiaren 29an, domekan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
