San Juan baleontziaren lexikoa eskuragarri
2026-04-01 10:06 Euskerea berbagaiAlbaola, Euskal Itsas Museoa eta UZEI alkarlanean ibili dira.
Albaolak, Euskal Itsas Museoak eta UZEI Terminologia eta Lexikografia zentroak egitasmo berezia jarri dabe martxan alkarregaz. Proiektu honek euskal itsas ondarea eta euskerea buztartzen ditu eta helburuak dira ontzigintzeagaz eta nabegazinoagaz lotutako euskerazko lexikoa berreskuratu, finkatu eta herritarren eskura jartea.
Egitasmo hau hiru erakunde horreen arteko alkarlanaren emoitza da eta bakotxak bere ezagutza eta esperientzia jarri ditu proiektuaren zerbitzura. Albaolak itsas ondareari eta ontzigintzeari lotutako jakintza praktikoa eta dokumentala sakar; Euskal Itsas Museoak testuinguru historikoa eta ondarearen ikuspegia; eta UZEIk, barriz, hizkuntzearen eta terminologiaren arloko ezagutzea. Alkarlan horri esker, proiektuak oinarri sendoak ditu eta epe luzerako izaerea hartzen dau.
Saio honetan, hiztegiak San Juan baleontziagaz lotutako ontzigintza eta nabegazinoko lexikoa batu dau: ontzien atalak, piezak, tresnak, materialak eta maniobretako kontzeptuak. Lau hizkuntzatan ditu ordainak (euskeraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, definizinoak ditu kontzeptuak argitzeko eta, zenbaitetan, elementu grafikoa (argazkia edo irudia) dau osogarri modura.
Hiztegia online konsultagai izateko sortu da, formatu erabilerrazean eta gailu mobikorretara egokitua. Publiko zabalarentzat edegi eta eskuragarria izatea da baliabide horren helburuetako bat: ikastetxe, museo, itsas ondareagaz lan egiten duten erakunde eta, oro har, itsasoa maite dauen edozeinentzat.
Egitasmo global eta ebolutiboa danez, denporearen porasuz aberasten joango dan hiztegia sortu da, beste ontzi mueta batzuetara, itsas jardueretara eta etorkizunean beste kultura eta hizkuntza
batzuetara be zabaldu daitekeena. Ekimen hau, beraz, bide bat da: hizkuntzearen, itsas kulturearen eta lankidetzearen bidez, gure ondarearen zati garrantzitsu bat modu barritzailean balioan jarteko bidea.
Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Kutxa Fundazinoaren laguntzea jaso dauen egitasmo honen lehen emoitzak daborduko konsultetako dagoz, egindako lana ezagutzeko eta hiztegia apurka-apurka zelan osotzen dagoan ikusteko, hemen sartu zaitekez proiektuaren webgunera: https://baleontzia.uzei.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
