Iparralden euskerea sustatzeko 2,47 miloe euroko fondoa eratuko dabe aurten
2026-04-13 08:00 Euskerea berbagai2025-2029 epealdirako esparru-hitzarmenaren barruan, 2026ko programea sinatu dabe gaur.
Ipar Euskal Herriko eragile pribatuen lana diruz laguntzeaz gan, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak (EEP) alkarregaz lanean jarraituko dabe hainbat gai eta egitasmoren inguruan, besteak beste, helduen euskalduntzea, euskerearen adierazle sistemea, inkesta soziolinguistikoa edo hizkuntza teknologiak, besteak beste.
Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Maïder Behoteguyk, Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoko buruak, euskerea alkarlanean sustatzeko erakunde bien konpromisoa berretsi dabe gaur, Baionan egindako ekitaldian.
2025-2029 epealdirako hitzarmen markoaren barruan, gaurko ekitaldian 2026rako lankidetzako lan-arloak ezagutzera emon ditue eta, horregaz batera, erakunde bien diru-ekarpena zehaztu dabe. Batetik, 2026 urtean zehar alkarlanean jorratzeko egitasmoak zehaztu ditue; bestetik, erabagi dabe 2.470.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzeko, igaz baino 540.000 euro gehiago.
Euskerearen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpen honetan Aitor Aldasoro sailburuordeak ondokoa azpimarratu dau, euskerearen saltoa alkarregaz emongo dogu, komunidade osoaren inplikazinoa ezinbestekoa baita eta saltoi hori gauzatzeko borondatea oinarrizkoa dan arren, baliabide egokiak izatea be beharrezkoa da. Adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzeak erabagi dau lankidetza fondoan ekarpena handitzea Iparraldeko eragileen lana sustatzeko eta, beraz, 500.000 euro jarriko ditu Jaurlaritzeak, igaz baino 100.000 euro gehiago.
Bestalde, Maïder Behoteguy-k lankidetza honen garrantzia azpimarratu dau: denporan zehar irauten dauen mugaz gaindiko lankidetza honek, Eusko Jaurlaritza eta EEPri esperientziak konpartiduteko, hizkuntza politiken osogarritasuna indartzeko eta euskerearen alde modu koordinatuan lan egiteko aukerea emoten deutso.
EEPko lehendakariak adierazo dauenez, 2026an lankidetzarako fondoa indartzea dinamika partekatu horren barruan kokatzen da eta erakunde bien konpromiso zehatza erakusten dau, euskerearen transmisinoan eta erabileran oinarrizko rola beteten daben Ipar Euskal Herriko eragileak laguntzeko. Holan, Euskerearen Erakunde Publikoak 1.970.000 euro jarriko ditu aurten fondoan, igaz baino 440.000 euro gehiago.
Esparru-hitzarmena
Gaur aurkeztutako dokumentua lotua da 2025eko apirilaren 4an sinatutako 2025-2029 epealdirako esparru-hitzarmenari. 2007an hizkuntza politika gaietan erakunde bien arteko lankidetza jarraitua martxan jarri ebenetik bosgarren akordioa da gaur Baionan sinatutakoa. Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak euskerearen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea jorratzearen aldeko borondatea berretsi dabe.
Hitzarmen markoak alkarlanerako bost arlo zehazten ditu: (1) Euskerearen transmisinoa, (2) Hizkuntzearen presentzia eta erabilerea; (3) Hizkuntzearen kalidadea, (4) Hizkuntzearen aldeko motibazinoa eta (5) Euskerearen eragileen arteko zubiak eregitea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
