'Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk'

Bizkaie! 2026-04-14 08:25   Euskerea berbagai

Sopelako XXXI. Esaera Zaharren Txapelketea, apirilaren 25ean

Bertsolari gonbidaduak Aner Peritz eta Aissa Intxausti izango dira. Ikasi beharreko ehun errefrauak prest dagoz hemen eta parte hartu nahi daben taldeek (bi eta lau lagun artekoak) apirilaren 20ra arte emon leikie izena, webgune horretan bertan.

Aurten, apirilaren 25ean izango gara Sopelan, Esaera Zaharren Txapelketeari ekiteko Igazko kabiak hutsik, ez da aurten txoririk goiburuari eutsiz. Parte hartu nahi badozue, ezin errazagoa da: bi, hiru edo lau laguneko taldea osotu, izen dotorea erabagi, 100 esaerako zerrendea ikasi (99 zahar eta 1 barria), eta erreserba-fitxea bete (apirilaren 20a da horretarako azken eguna).

Sopelako udaletxeko plazara batuk gara, 11:00etan, atontzaile, parte-hartzaile, bertsolari, musikari eta epaileok, txapelketearen lehen faseari 11:30ean ekiteko. Goiza tabernaz taberna igaroko dogu, betiko dinamikeari jarraituz: bertsoak entzun eta horreei lotutako esaerak identifiketan, harik eta ibilbideetako txapeldunak izentau arte. Gero, 15:00ak aldera, bazkaria egingo dogu Artadi garagardaotegian, eta bertan jarraituko dau lehiak arratsaldean. Finalaurrekoetan eta finalean, Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariek kantauko dabe. Eta finala amaituta, 20:00etan, musikaz lagunduta bueltauko gara herrigunera.

Ordutegia:

  • 11:00etan, Udaletxeko Plazan, harrerea.
  • 11:30ean, lehiaketa hasi, tabernaz taberna.
  • 15:00etan, herri-bazkaria, Artadi garagardaotegian.
  • 17:00etan, finalaurrekoak; ondoren, finala. 
  • 20:00etan, herrigunerantz, kalejiran.

Lehenago, barriz, apirilaren 17an, lehiaketaren inguruko liburua aurkeztuko dabe Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak hain zuzen be, Kurtzio Kultur Etxean. Izan be, AEK-k argitaratuko dau, Uribe Kostako Mankomunidadearen dirulaguntzaz, lehiaketearen atontzaile-taldeko kide Aitor Fernandez de Martikorenak idatzitako liburua. Lehiaketako gorabeherak ditu oinarri.

Liburuaren egileak berbaurrean azaldu dauenez, asmoa ez da izan Esaera Zaharren Txapelketako kronika zehatza egitea, nahikoa lan izan dogu edizinoak egiten eta lehiaketea aurrera eroaten; beraz, gitxitan apuntau izan ditugu emoitzak eta sariak. AEK-k, ostera, omenalditxoa egin nahi izan deutso liburua argitaratuz, ekimenak urtero-urtero, eta euskerearen izenean, jente-kopuru polita batzen dauelako. Zelan ez, txapelketeak 30 edizio bete izanak be badu zerikusia horretan. Uribe Kostako Mankomunidadeak diruz lagundu dau argitalpena, lehiaketeak herrian euskereaaren presentzia indartzeko egiten dauen ekarpenagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu