'Euskal Herriak era masiboan erakutsi dau euskera garela'

Bizkaie! 2026-03-30 13:17   Euskerea berbagai

12. eguna ekimena iragarri dau AEK-k hurrengo egunetarako.

Gaur goizean –martiak 30– egin dau AEK-k 24. Korrikaren lehen balorazinoa zabaltzeko agerraldia, euskerearen aldeko karrera arrakastatsua amaitu eta ia 24 ordura. Bertan izan dira Korrikaren arduradun Ane Elordi, AEKren Nazino Kontseiluko kideak eta, zelan ez, lekukoaren barruan Euskal Herria zeharkatu dauen mezuaren zazpi egileak.

Parte-hartzea masiboa izan dala nabarmendu dabe guztiek: Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi dau euskera garela, eta euskera izan nahi dauela. Inoiz baino lekuko-hartze gehiago izan dira, 3.400etik gora; eta askoz lagun gehiagok eroan dabe lekukoa. Korrikako arduradunak azpimarratu dauenez, Babes zabala izan dau 24. KORRIKAk, eta ez da egon jente gitxiko kilometrorik.

Era berean, nabarmendu dabe 24.a Pizkundearen Korrika izan dala, Pizkunde barri baterako lehen txinpartea. Horixe islatu dau AEK-k Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku itxita. Gazteok ez ditue ausaz aukeratu: guztiak euskera dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituen horra heltzeko ez baitabe hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskerearen etorkizuna jokoan dagoan honetan,

ezinbestekoa danean guztiok jagokun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dabe euren konpromisoa, eta horrexegaitik dira euskerearen Pizkunde

barri baten lehen txinpartaren isla. Holan, euskerea Pizkunde barri batera eroateko deia egin dau 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita, gaurko agerraldian jazo dan moduan, izan be, euren esku-hartzea ezinbestekoa da azken helburura heltzeko: Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gitxieneko hizkuntza-eskakizuna. Horregaz batera, Elordik esan ondokoa esan dau: honek bagilaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakotxaren ekarpena ezinbestekoa dala adierazoteko asmoz.

12. eguna

AEK-k 12. eguna izeneko ekimena iragarri dau agerraldian: Korrikan parte hartu daben eragile guztiei konpromisoa eskatzen deutsegu, ekiteko konpromisoa. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardurea, euren babes juridiko eta politikoa. Askok eroan dabe lekukoa Korrikan baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen deutsegu: Korrikaren harian egindako
adierazpen ederrak ekimen bihurtu deiezala, benetan sustatu deiela Euskal Herri euskalduna.

Eskaerak egiteaz batera, AEK-k berak zer gehiago egin leiken adierazo dau erakundeak agerraldian: Beti esan dogu ez dala nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna be garrantzitsua dala, benetako lanketea, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuakaz ekin deutsagu lasterketeari baina ekimena bera labur geratzen jaku askotan eta Korrikak 11 egun horreetatik harago joan behar dogu.

Hori dala-eta Korrikaren 12. eguna ekimena dator

Apirilaren 22an ordubeteko eskolea emongo dogu, doban, gure 100 euskaltegietan. Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindino euskerara hurbildu ez diranentzat. Bestalde, maiatzaren 21ean inoiz baino euskera gehiago entzungo da gure artean, izan be, 65 mintzodromo atonduko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, holan lortuko dogu helburua: ikasiz eta praktikauta.
Informazioa guztia: www.korrika.eus/etaizangogara

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu