Irautearen inguruko poesia dakar Castillo Suarezek
2019-05-08 08:14 KultureaLandarak eta basoa dira liburu barriko figura nabarmenenak.
Irautera izenburua ipini deutso Castillo Suarez idazle nafarrak bere poema bilduma barriari. Izan be, iraupenaren inguruan idatzi dau gehienbat, batez be galeren ondoren iraun dabenak gogoan hartuta. Elkar argitaletxearen eskutik argitaratu dau liburua, eta Donostian aurkeztu dau asteon.
Azalean agiri dan iratzea edo garoa da, Suarezen ustez, irautearen sinbolo indartsu bat. Landara primitiboa izateaz gan, garoa ia edonon hazi leiteke, esporen bidez zabalduta, eta gatxa da leku batetik guztiz kentzea. Basoa eta landarak behin eta barriro agiri diran figura poetikoak dira Irautera liburuan, bertokoaren eta inbaditzailearen arteko kontrakotasuna indartzeko, baina bertokoa idealizau barik.
Basoak testutik testura sortzen dauen hariari esker, alkarreri lotuagoak dagoz liburuko olerki guztiak, Suarezen aurreko liburuakaz konparauta. Idazlearen sensazinoa da liburua ez dagoala poema sortatan banatuta, badagoala osotasun bat.
Lau zatitan banatu ditu liburuko 60 poemak Castillo Suarezek. Atal bakotxaren hasieran, erreferente izan dituan olerki batzuen aipuak ipini ditu. Galiziako emakume idazleak, Jose Luis Otamendi eta Jon Gerediaga aitatu ditu aurkezpenean. Egunean poema bat idaztea izan da liburua egiteko metodoa, hile bi behar izan ditu horretarako: 60 egun, beste horrenbeste poema.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!