XVI. Matematikak eguneroko bizitzan zikloa Bilbon
2019-05-07 10:19 KultureaBerbaldiak maiatzeko lau eguenetan izango dira Bidebarrietako Liburutegian.
Matematikak eta euren errealidadea gizarte osora hurreratzeko amesagaz lau topaketa izango dira, ibilbide luze eta zirkulu zientifikoetan eta akademikoetan entzute handiko profesionalek emongo dituenak.
Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sartzea librea izango da leku guztiak bete arte (ez da itxiko aretora sartzea ekitaldia hasi ondoren). Aurreko edizinoetan egon den ikus-entzule kopuru handia dala eta, berbaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.
Un matemático en la corte del rey Arturo izeneko lehenengo berbaldia maiatzaren 9an eskainiko dau José Manuel Calabuig Valentziako Unibersidade Politeknikoko Matematika Aplikatu saileko irakasle titularrak. Gaur egun, Analisi Funtzionalean egiten dauen ikerketa lana (arlo horretan, 30 artikulu baino gehiago argitaratu ditu), Valentziako Generalitateko hainbat Conseller-egaz eta Iruzurraren kontrako Valentziako Agentziagaz egiten dituan lankidetza jarduerakaz buztartzen dau. Lan horreek grafoen eta distantzien aplikazinoan oinarritzen dira, administrazino publikoetako iruzurra eta jardunbide okerrak atzemoteko; berbaldi horretan, Calabuigek, Hervé Falciani ingjineru ezagunagaz alkarlanean erabili izandako teknika matematiko-teknologiko horreetako batzuk aurkeztuko ditu. Lanok, besteak beste, Nazinoarteko Baltasar Garzón Fundazinorako edo Iruzurraren kontrako Valentziako Agentziarako egin ditu.
Maiatzaren 16ko bigarren jardunaldiko protagonistea Antonio Pérez Sanza zientzia dibulgatzailea izango da, irakaskuntzan 37 urteko esperientzia dauen Bigarren Hezkuntzako Matematika katedraduna; La geometría se hizo arte: las claves secretas de Escher izeneko berbaldiak M.C. Escherren, matematikariek gehien preziatzen daben margolariaren, lanari begiratzeko proposatuko deutse ikus-entzuleei. Margolariaren lanetan geometriako benetako ikus-eztandea izaten da. Berbaldi horretan, geometria dinamikoa arte bilakatu daitekeela ikusiko dogu. Ikus-ibilbidea, planoan egiten diran mobimentuakaz eta mosaikoen mundu iradokigarriagaz hasiko da, Granadako Alhambran geldialdia eginez, Escherrentzat inspirazino iturri izan ziran planoaren simetriako 17 multzoak erakusteko. Haren eskutik, ikus-entzuleek planoaren aldizkako zatiketen mundu magikoa eta espazioko planoari egindako saltoak ezagutu ahal izango ditue eta ezinezko munduetan sartu ahal izango dira.
Programazinoak maiatzaren 23an izango dau jarraipena, María Victoria Otero ikerlari, irakasle eta dibulgatzaile ospetsuak, Matematikako Errege Alkarteko Batzorde Profesionaleko Presidente eta Konpostelako Donejakueko Unibersidadeko Titulazieoen errektoreordeak eskainiko dauen Matemáticas, lenguas y otros asuntos berbaldiagaz; munduko hizkuntza askoren errealidadera hurreratuko gaitu, izan be, hizkuntzalari askok aurreratu dabenez, munduan dagozan ia 6.000 hizkuntzetatik erdia mende honen amaierarako desagertu egingo da.
Haren berbaldian hainbat galderari erantzuten saiatuko da, adibidez, matematikak lagungarri izan ete daitekezan hizkuntzearen erabilerearen eta transmisinoaren atzean dagozan mekanismoak ulertzeko orduan, hizkuntza baten erabilerea indartzeko eta hobetzeko estrategien garapenean lagundu leikien edo, baita, lurralde bateko hizkuntz bilakaerea formula matematikoen bitartez sintetizau ete daitekeen be.
Programea maiatzaren 29an zarratuko da, Usue Mori Euskal Herriko Unibersidadeko Matematika Aplikatuko eta Estadistikako eta Ikerketa Operatiboko doktore eta irakasleak emongo dauen Datuak, gaur egungo urre eta harribitxiak berbaldiagaz. Euskeraz izango dan azken saioa, Big Data izenez ezagutzen dogun horretan eta datu handien azterketearen alorrean, zientzia edo gizarte arloko jokabideak aurreikusteko edo pronostikoak egiteko emoten diran arazo nagusietan, eta medikuntzan, industrian edo merkataritzan daben aplikazinoan, oinarrituko da.
Matematikak eguneroko bizitzan programea Bilboko Udalak, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultadeak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dabe alkarlanean, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzinoagaz. Zikloa, Bidebarrieta Zientifikoaren urteko programazinoaren barruan dago. Ekimenak beste programa batzuk be jasoten ditu Darwinen Eguna edo Ellas hacen ciencia, besteak beste, zientzia jente guztiari, era atseginean, zorrotzean eta didaktikoan hurreratzeko eta egunerokotasuna daben zientziari buruzko gaiak ezagutarazoteko helburuagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!