Mende erdia bete dau 'Egunero hasten delako' nobeleak

Bizkaie! 2019-05-06 08:03   Kulturea

Ramon Saizarbitoriaren lan aitzindariaren edizino barria kaleratu dabe.

Ramon Saizarbitoria, erdian, edizino barriaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal literaturan mugarria izan zan Egunero hasten delako eleberria, gai eta estilo modernoak euskerara ekarri zitualako Ramon Saizarbitoriak. Ordurako, nobelagintzan maisu zala erakutsi eban idazle donostiarrak. 1969an ikusi eban argia liburuak, eta 50 urte geroago, gure literaturearen erreferente nagusietako bat da oraindino.

Gizartea zeharo aldatu da mende erdian, nobelea plazaratu zaneko jazoera batzuk pentsaezinak litzatekez gaur egun. Esate baterako, zentsurea pasau behar izatea. Abortua, gazteen sexua eta abar jorratzen da Egunero hasten delako-n, baina ezustean, diktadurako muturreko tradizionalismoaren oneretxia jaso eban. Saizarbitoriak uste dau, euskerazko liburua izanik, zentsoreek gai politikoak bilatu zituela, beste gai batzuk ahaztuta.

Baina gobernua bakarrik ez, orduko euskal gizartearen zati handi bat be ez egoan prest halako gaiak ikuspegi moderno baten bidez irakurteko. Hartara, euskal munduko hainbat lagunen gaitzespena jaso eban bere momentuan Saizarbitoriak. Denporeagaz, gauzak bere onera etorri ziran, eta ondorengo belanaldietako idazleentzako eredu bihurtu zan Egunero hasten delako.

Lur argitaletxe sortu barriak atera eban nobelea, 1969an. Harrezkero, makina bat edizino euki ditu, gaur egungo euskerara egokitzeko zein irakurle gehiagogana heltzeko. Erein argitaletxeak plazaratu dau 50. urteurreneko edizinoa. Lehenengo argitalpeneko azala ipini deutsie.

Ganera, horren liburu esanguratsuaren mende erdia ospatzeko, ekitaldi bereziak antolatuko ditue hurrengo hileetan. EHUren Udako Ikastaroetan, jardunaldi edegia egingo dabe garagarrilean. Donostian, errezitaldi musikatua antolatuko dabe Egunero hasten delako-n oinarrituta, irailean; eta urriko Literaktum jaialdiaren barruan, ibilaldi literarioa eta mahai-ingurua iragarri ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu