'Trebiñu Konderria, eskubide osoz, Euskerearen Herriaren parte da'

Bizkaie! 2019-05-06 08:45   Euskerea berbagai

15 urtegaz hasi zan euskerea ikasten Roberto González de Viñaspre (Xabier Peñaren Euskal Irakasbide Laburra liburuagaz).

Andres Urrutia Roberto González de Viñaspre | Ikusi handiago | Argazki originala

Roberto González de Viñaspre euskaltzain osoak berbaldi-sarrerea irakurri dau, jentez gainezka egoan Trebiñuko Done Petri eleizan. 2018ko zezeilaren 23an izentau eben euskaltzain oso, Iruñean, eta Patxi Uribarren emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea bete dau González de Viñasprek.

Euskaltzain oso izateko sarrera-ekitaldia ezinbestekoa da, eta berbaldia irakurteaz gan, arabarrak kargu barria zin egin dau; ondoren, Euskaltzaindiaren diplomea eta dominea ezarri deutsoz Andres Urrutia euskaltzainburuak, eleizan berbok entzuten ziran bitartean: Euskaltzaindiak Roberto González de Viñaspre jauna, euskerearen alde orain arte egin dituan lanen esker-erakutsiz eta gerokoen pizgarri, lankidetzat hartu dau.

Sarrera-berbaldiaren maminari heldu baino lehen, herritarrak agurtu ditu González de Viñasprek, bertan izandako bizipenak gogoratuz: Gogobetegarri dot sarrera-berbaldia bihotz-buruak agintzen deustan lekuan irakurtea, bizialdiaren erdia baino gehiago emon dodan lurrean, trebiñarren aurrean, eta euskeraz. Done Petri eleizearen pisua eta garrantzia be azpimarratu ditu berbetearen lekuko izan diralako, harik eta Ihuda ibaiak bustiten dauen arroan XVI.-XVIII. mendeetan barrena euskal hizkuntzea galdu arte.

Patxi Uribarren euskaltzain emerituaren ibilbide garrantzitsua be aletu dau, aramaioarraren eginak eta gogoak errepasauta: Bizitzako urte asko eskaini deutsoz arima-arimatik maite dauen euskereari. Holan, gogoratu dau Uribarrenek frankismoaren urte gogorretan Santutxuko gau-eskoletan eginiko lan itzela, eta, zelan ez, Euskaltzaindian eginikoak: irakaskuntzan, euskalduntze-alfabetatzean, euskalkiakaz, euskerearen sustapenean eta bestelakoetan. Onomastikeari be ekin deutso bere ikerketa ibilbidean –azpimarratu dau González de Viñasprek–. Gogoratu behar da Filologia Erromanikoaren lizentzia eskuratu ebala 1974an Aramaioko toponimiari buruzko tesi lanagaz, Mitxelenaren zuzendaritzapean egin ebana. Horrezaz gan, Bostak bat taldean karmeldarrak hiztegigintzan egindakoak be aitatu ditu.

Derrigorrezko esker eta aitamenen ostean, bere berbaldiko gai nagusiari heldu deutso Bilbon jaiotako arabarrak. Trebiñuko historia eta kulturea nabarmendu eta gogoratu dau euskerea trebiñarren ondarea be badala: Gaztelaniak antxinako presentzia dau lurralde honen sartaldean, eta elebitasun-egoera luzea izan da Trebiñu Konderriko beste zenbait ingurutan. Dana dala, euskerea be trebiñarren kultura ondarea da, berezko linguistikoa, egiaztatuko dogunez.


Euskerearen zabalpen-mugak

Euskal toponimia eta euskerearen zabalpen-muga historikoak bere biografiagaz buztartu ditu González de Viñasprek, helburu jakin bategaz: Gazte-gazterik atentzinoa emon eustan euskal itxurako zenbat leku-izen zirala Lagranen. Deigarria egiten jatan hoti, nire ezjakinean uste nebalako sekula ez zala euskerarik erablili Arabako hegoalde horretan. Toponimiak erakusten dauen bestelako errealidadeak, ostera, jakin-mina piztu eustan. Zelakoa zan Arabako arbasoek ahoz erabilten eben euskerea? Noiz galdu zan? Garai haretan sortu jatan euskal hizkuntzeagazko interesa, motibazino horregaz.

Euskerearen pasinoa piztuta, hamabost urtegaz hasi zan euskerea ikasten Roberto, bere kabuz (Xabier Peñaren Euskal Irakasbide Laburra liburuagaz), ordutik batera eroan dituala euskeragazko eta toponimiagazko jakin-nahia, eta batez be Arabakoa. Trebiñu konderriko Saseta herrian errotu zan Robertoren familia eta euskaltzainak 30 urte emon ditu bertan, hango historia linguistikoa ikertzen, batez be, toponimiaren bitartez. Kontu bitxiak ondorioztatu ditu, esaterako, euskerearen desagerpena noiz gertatu zan: Trebiñu Konderriko ekialderako ditugun datuen arabera, euskerearen transmisinoaren etena XVIII. mendeko lehen erdian gertatu zan. Halan da be, Konderriko ekialdean agirikoa da gaur egun euskerazko leku-izenen presentzia (...) Erditik gora dira oraindino, itxuraldaketak gorabehera, jatorriz euskeraz sortutako toponimoak. Sarriago eta osoago agertzen dira XVIII. mendeko dokumentuetan; euskal izen arruntik be agertu da gaztelaniazko testuetan txertatuta. Oraindino euskal berba hondarrik bilatu daiteke Trebiñu Konderriko lexikoan esan dau González de Viñasprek–, testu zaharrak arakatuz; nekezago hiztunen ahotik, bizimodu tradizionalagaz izandako haustureagaitik eta herri kulturearen galereagatik.

Atzera eginez, XVI. mendean dago euskeraz berba egiten zalako lekukotasunik, Trebiñu Konderriko ekialdean: Ihuda ibaiaren goi-arroan XVI. mendearen bigarren erdian euskeraz berba egiten zala jakin dogu. Toponimia historikoak berresten dau euskerea hemen egoela garai horretan, baita XVIII. mendearen erdira arte iraun ebabala be, argitu dau Euskaltzaindiko Arabako ordezkariak, esanez uste dauela Trebiñu Konderriko ekialde gehienera zabaldu daitekeela egoera hori. Euskerearen historia ez da bardin igaro Trebiñuko Konderri osoan (...) Lurraldearen sartaldeko muturrean ia ez dago euskal leku-izenen aztarrenik; bai, ostera, hortik ekialdera. Dokumentazinoaren argitan, euskerearen gehienezko zabalpen historikoa Ozilla-Ladrera, Añastro, San Esteban eta Morgas herrien lerrotik bide joian, iparraldetik hegoaldera, herri horreek guztiak gogoan hartuz, zehaztu dau González de Viñasprek.


Salaketea

XVI. menderako galdua zan euskerea mendebaleko herri gehienetan, eta galerea Trebiñu uribururaino heltzen zan, ohargarria baita euskal izen ugari emoten dituala Trebiñurekin mugakide diran Arrieta, Askartza, Bustu, Dordoniz, Golernio eta Franku herrietan. Nabarmentzekoa da Trebiñu herriko mugapean be badira euskerazko izen ugari; batzuk bizirik heldu dira gaur arte; beste batzuk bidean galdu dira'.

Urte horreetan guztietan eginiko ikerketen eskutik, euskaltzainak ondorioztatzen dau euskerea Trebiñu Konderriko kultura ondarearen ezinbesteko osogai da, eta errealidade linguistikoa da iraganean ez eze orainean be. Bide batez, kritikau dau Burgoseko agintariek hizkuntzeari emoten deutsen tratamendua, herriko gurasoen aspaldiko eskariei muzin eginez: Euskereak ez dauka lekurik Trebiñuko eskola publikoan. Ikastetxeko gurasoen alkarteak eta Udaletxeak eginiko eskariei ez deutse kasurik egiten Gaztela eta Leon-eko Hezkuntza Sailak. Era berean, nabarmendu behar da Konderriko Gutxisolo alkarteak euskerea sustatzearen alde eginiko lana. González de Viñasprek berbaldia amaitu dau esanez 'euskerearen geroa, komunikazinorako hizkuntza-sistema legez, euskaldunok erabiliz emoten deutsaguna izango da, baita Trebiñuko barrendegian be.


Nafarroako toponimia: Uxue

Patxi Salaberri euskaltzainak erantzun deutso González de Viñaspreren berbaldiari jatorria toponimiagaz eta euskerea uztartuz: Uste dot euskal izenek ekarri gintuela euskerearen mundura bai Roberto eta bai ni autortu dau Salaberrik: Robertok bere buruari egiten eutsozan galderak eta nik neureari egiten neutsozanak be paretsukoak dira: zelakoa zan hemengo berbakerea? Non egoan hizkuntza mugea? Noiz lekutu zan euskerea hemen? Eta galdera horren hariari jarraituz ibili dira biak hango eta hemengo toponimia bilatzen eta ikertzen: Robertok Arabari heldu deutson bitartean, Patxik Nafarroari oratu deutso, bere arbasorik gehienak uxuetarrak baitziran (bitxikeria bat kontau dau: Uxueko dokumentazinoan 1629an agiri da lehen aldiz Salaberri deiturea). Holan, Salaberrik argitu dau euskerearen lehen aztarnak –idatziak– XVI. mendekoak dirala: Uxuen ez dogu holakorik egin esaldia dogu 1581ean (Monteano, 2017: 178), eta ondoko pasarte hau 1598an: alcabuz aldibat eta arcabuzas es, estiot arcabuzau emanen, estate gure probechu arcabuzetara etorri bagajtes. Eta edozenbat adibide emon ditu ondoren.

Salaberrik amaitu dau esanez berak badakiala gauza bana dirala onomastikea eta euskera arrunta, baina badakiala toponimiako gauza asko euskerea bizirik egon dan azken denporetako lekuan lekuko berbakerearen ezaugarriak dirala, orain ikusi dogun legez, fidagarriak, lurrari atxikirik dagozalako. Eta aztarna horreek guztiak aintzat hartu behar litzatekezala adierazo dau, bai Araban (‘zazpigarren alaba’, Gorka Knörren kantuan) eta bai Nafarroan. Bere erantzuna amaitu dau Robertori goresmenak eskainiz, Onomastikea arlo izugarri polita baita, lantegi ikaragarria Euskaltzaindian. Baduzu non olgau, ohartarazo dau.


Laburrean

Roberto González de Viñaspre euskal hizkuntzalaria eta euskaltzain osoa da. Araban bizi izan da gaztetatik, Trebiñuko Saseta herrian eta Gasteizen. Euskaltzain urgazle izentau eben 2015eko garagarrilaren 17an eta oso 2018ko zezeilaren 23an; gaur egun Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria da. Lanbidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko eta IVAPeko hizkuntza-teknikaria izan da. Arabako toponimia sakon aztertu dau, batez be, Trebiñuko konderrikoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu