Bertsolari ezagunak batuko dira maiatzean Santutxun

Bizkaie! 2019-05-02 13:36   Bertsolaritzea

Udabarriko Bertso Saioek 35. edizinoa beteko dabe.

Lau hitzordu antolatu ditue Santutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udalak maiatzean, Udabarriko Bertso Saioak zikloaren 35. edizinoan. Aurreko urteetan legez, Karmelo plazan hiru saio egongo dira, eta laugarrena bertso-poteoa izango da, auzoko tabernetan.

Lehenengo saioa maiatzaren 4an izango da, zapatuan. Bizkaitarrak izango dira protagonista, bertokoak diralako oholtzara igongo daben lau bertsolariak. Gaur egungo Bizkaiko txapeldun Onintza Enbeita eta txapela irabazita daukien Unai Iturriaga eta Etxahun Lekue konbidau ditue, Bizkaiko finalean eta Euskal Herriko finalaurrekoetan egondako Miren Amurizagaz batera.

Hurrengo saioetan be, goi mailako bertsolariek kantauko dabe. Maiatzaren 11n, Maialen Lujanbio gaur egungo Euskal Herriko txapelduna etorriko da Santutxura. Beragaz batera abestuko dabe Nerea Ibarzabal, Arkaitz Estiballes eta Xabat Galletebeitiak. Maiatzaren 18an, Oihana Bartra, Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze egongo dira oholtzan.

Ohiko moduan, Santutxuko Bertso Eskolako kideak ibiliko dira gai-jartzaile. Saioak aire zabalean diranez, edonor joan leiteke bertsoak entzuten, sarrerarik ordaindu edo izenik emon barik. 13:00etan izango dira lehenengo hiru hitzorduok.

Zikloa amaitzeko, bertso-poteoa egingo dabe maiatzaren 24an, barikua, 20:00etan Kuluxka tabernan hasita. Auzoetako tabernetan kantuan ibiliko dira Alaia Martin, Ibon Ajuria eta Fredi Paia, nahi daben zale guztiek lagunduta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu