Harkaitz Canok irabazi dau 2018ko 111 Akademiaren Saria
2019-04-30 08:06 KultureaIdazle lasartearrak bagilaren 6an jasoko dau saria Amasako Hika txakolindegian.
199 akademiakide ditu egun 111 Akademiak, eta horreetako 102k parte hartu dabe 2018ko sariduna izentetako 2019ko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru botazino txandatan. Txanda guztietan Canoren Fakirraren ahotsa eleberria izan da boto gehien jaso dituana, eta Katixa Agirreren Amek ez dute eleberria izan dau lehiakide azken bueltan.
Hainbat urtez 111 Akademiaren Sariaren eszenatoki izan dan Andoaingo Bastero kulturgunea itxi, eta aurten Amasako Hika txakolindegian ospatuko dau 111 Akademiak Harkaitz Canori saria emoteko ekitaldia. Eguraldia lagun, bertaratzen diranek paraje ederraz gozetako aukerea izango dabe idazleari saria emon eta txakolina probau bitartean.
Toki barriak ikuskizun barria be eskatzen dauenez, 111 Akademiako kideak ekitaldi barria atontzen dabiz orain eta hori patxadaz egin nahi dabenez, aurten saria emotea apur bat atzeratu eta bagilaren 6an jasoko dau Harkaitz Cano 2018ko 111 Akademiaren Saria.
Bigarrenez saridun
Harkaitz Canok ez dau 2018koa lehenengo 111 Akademiaren Saria izango. Gogoratu 2011n be lasartearrak jaso ebala irakurleen sari hau Twist eleberriagaitik. Orduko haretan, ganera, Canok nahikoa izan zituan hiru botazino txandetatik bi bere nobeleak behar ainako babesa eskuratu eta urte haretako saridun izateko. Aurten hiru txandak egin dira, baina hiruretan Fakirraren ahotsa nagusitu da. Holan, 111 Akademiaren Saria (2012. urtera arte Beterriko Liburua izenez ezagutua) birritan jaso daben idazleen taldean sartu da Harkaitz Cano. Ur Apalategi, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria dira lasartearragaz batera irakurleen sari hau birritan irabazi daben idazleak.
Fakirraren ahotsa
Twistek legetxe, jazoera historikoak ditu oinarri Fakirraren ahotsa eleberriak. Imanol Larzabal zanaren bizitzea fikzionau dau Harkaitz Canok, gorabehera handiko lau hamarkadetako ibilia jasoz; 30 alkarrizketa inguru egin zituan nobelarako materiala batzeko. Irakurleari zer pentsaua emoten deutson eleberria da Fakirraren ahotsa, akademiakide batek bere iruzkinean azaldu bezela: Asko pentsarazo deust Imanolek sufridu behar izan eban zokoramenduan bakotxak izan eban erantzukizunari buruz.
Laster, mende laureneko ibilia
XXIII. edizinoa izango dau aurtengoa irakurleek hautatu eta emoten daben sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri eban abian Beterriko Liburua literatur aitamena (aurrerago 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturearen plazan berbea eta protagonismoa emoteko asmoz.
Honakoak izan dira urte horreetan guztietan irakurleen saria jaso daben obrak:
• 1996 Joxean Agirreren Elgeta.
• 1997 Ur Apalategiren Gauak eta hiriak.
• 1998 Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri.
• 1999 Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion.
• 2000 Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean.
• 2001 Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua.
• 2002 Anjel Lertxundiren Zorion perfektua.
• 2003 Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea.
• 2004 Pako Aristiren Gauza txikien liburua.
• 2005 Juan Kruz Igerabideren Hauts bihurtu zineten.
• 2006 Karmele Jaioren Amaren eskuak.
• 2007 Jokin Muñozen Antzararen bidea.
• 2008 Anjel Lertxundiren Zoaz infernura, laztana.
• 2009 Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori.
• 2010 Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak.
• 2011 Harkaitz Canoren Twist.
• 2012 Ramon Saizarbitoriaren Martutene.
• 2013 Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat.
• 2014 Mikel Peruarenaren Su zelaiak.
• 2015 Katixa Agirreren Atertu arte itxaron.
• 2016 Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua.
• 2017 Uxue Alberdiren Jenisjoplin.
• 2018 Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!