Joanes Illarregik irabazi dau Osinalde Saria

Bizkaie! 2019-04-29 08:42   Bertsolaritzea

Sei bertsolari gaztek kantau dabe finalean.

Erdian, Joanes Illarregi irabazlea, Gabiriako finalean | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteroko hitzordua hartu eban zapatuan Gabiriako Osinalde alkarteak. Ordizia, Zaldibia eta Aztirin jokatutako kanporaketetako onenek hartu eben parte Osinalde Sariketako finalean, eta Joanes Illarregi leitzarra izan zan irabazlea. Nafarroako Txapelketako finalera heldu zan Illarregi martian, eta orduan hasitako bidea biribildu eban zapatuan.

Beste finalistak honeek izan ziran: Ibai Amillategi, Ane Zuazubiskar, Oier Etxeberria, Danel Olano eta Eli Pagola. Lehenik eta behin, afari ederra egin eben batutako guztiek, eta afalostean hasi zan bertso saioa.

Ganera, Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra (1933-2019) gogoan izan eben Osinalde alkartean, zapatu goiz haretan bertan hil zalako. Hain zuzen be, Osinalde Sariketako lehenengo irabazlea izan zan 1971n. Beste sariketa batzuk be irabazi zituan, eta txapelketa garrantzitsuetan hartu eban parte, baina batez be lagunarteko eta herri giroko saioetan nabarmendu zan.

Ateraldi zorrotz eta bat-bateko gaitasun biziagaitik gogoratu dabe Gabirian Patxi Iraola. Naizen apurra liburuan batu zituan bere gomutak, pentsamenduak eta bertsoak. Azken agurra Zaldibia jaioterrian emongo deutsie gaur, astelehena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu