Miren Ibarluzea: 'Atxakia ez jako hizkuntzeari ipini behar, erabiltzaileari baino'

Koldo Isusi Zuazo 2019-04-29 08:10   Barriketan

2018ko Euskerazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien irabazleak Olatz Perez de Viñaspre, Juan Mari Aguirreurreta, Miren Ibarluzea, Mikele Macho eta Asier López dira.

Sariketea UPV/EHU-k eta Euskaltzaindiak sortu eben 2008an eta urterik birik behin deitzen da, euskerazko ikerketea bultzatzeko eta sustatzeko. Bost jakintza-arlotan banatzen dira: Injinerutzea eta Arkitekturea: Olatz Pérez de Viñaspre Garralda; Gizarte eta Lege Zientziak: Juan Mari Aguirreurreta Elosegui. Fikzinoa J.-P. Sartreren diskurso teorikoan, Sartreri buruz euskeraz egindako lehen doktore tesia da; Artea eta Giza Zientziak: Miren Ibarluzea Santisteban: #txiotesia4-ko parte-hartzailea izan zan eta koplatan erantzun eban. Izenburua: Itzulpengintzearen errepresentazinoak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazinoa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzinoan; Osasun Zientziak: Mikele Macho Aizpurua; eta Zientziak: Asier López Eiguren.

Errektorearen agenda arazoak dirala eta, Koldo Mitxelena sarien banaketa ekitaldia maiatzaren 8an izango da, Euskaltzaindiako Bilboko egoitzan goizeko 11:00etan.


2017ko bagilaren 28an, Miren Ibarluzeak doktore-tesia defendidu eban, Gasteizen, UPV/EHUko Letren Fakultatean. Tesia ingelesez eta euskeraz aurkeztu eban Ibarluzeak; horri esker, nazinoarteko tesitzat onartua izan da. Epaimahaia hiru kidek osotu dabe: Aurelia Arkotxa katedraduna (epaimahaiburua), Aiora Jaka doktorea eta Karlos Cid doktorea. Mari Jose Olaziregi irakasleak zuzendu dau tesia.

Epaimahaikideek alderdi askotatik goraipatu dabe Ibarluzearen lana, bai gaiaren barritasunagaitik, baita metodologia ausartagaitik be (cum laude).

Hona hemen Miren Ibarluzeak kontau deuskuzanak:

1.- Zorionak sariagaitik Miren. Tesia egiten horrenbeste denpora emon ostean, saria gustora hartzea da normalena. Zer sentidu zenduan saridunetako bat zeu zinala esan eutsuenean?

Poza. Hainbat urte eta ordu eskaintzen jakoz holako lan bati eta ohorea, errekonozimendua da saria. Ganera, urtebetetze egunean etorri jatan autortzea eta hori be ez daukat ahaztuteko.

Urte birik behin deialdia egoten da eta norbera aurkezten da; beraz, sano gatxa dala jakin arren, esperantzea beti egoten da nahiz eta jakin hautagaiak asko dirala, 2017an, neuk aurkeztu nebanean, euskal ikasketen inguruan, lan onak aurkeztu ziran.

 

2.- Tesia idaztean nor zeunkan buruan? Edozeinek irakurri leike?

Tesia lan akademikoa eta normalean ez dozu inor buruan izaten. Tesian gauza asko hartu behar dira kontuan, metodologia, egiturea, atalak, eskemak eta enparauak; ez da hasi eta amaitu egiten dozun lana. Ikertzaileentzat zein itzulpengintza ikasleentzat, literaturearen ikertzaileentzat egindako lana izan da nirea.

Edozelan be, aditua izan ez arren, edozeinek irakurteko modukoa da. Metodologia atala, teoria eta astunagoak izan daitekez baina gaia nahikoa ulergarria da.


3.- Zelakoa izaten da tesian landuko dozun gaiaren aukeraketea eta ondoko lanketea? Badago eperik amaitzeko?

Hasieran idea zabala, orokorra daukazu eta informazino asko batzen dozu; gero, barriz, lanak berak eroaten zaitu muinera, txikitu egiten deutsu eremua. Ibilian ibilian be lanak berak zehazten deutsu bidea, hemen gehiago sakondu, hemen gitxiago eta holan. Norberak baino tesiak agintzen dau, niri neuri alor metodologikoak erakutsi eustan ze beste arlo jorratu behar nituan.


4.- Itzulpengintzearen errepresentazinoak euskal literatura garaikidean gaia jorratu dozu tesian. Zergaitik?

Itzulpengintza ikasketak egin nituan, 3. promoziko ikaslea izan nintzan eta baneukan holako gogoa gaian sakontzeko. Horixe izan zan abiaburua. Euskal itzulpengintzea zabaltzen joian, ikusgarriago bihurtzen joian eta aurreko urteetan zabal ebilen itzulpenen kontrako jarrerak eta apaltzen joiazan. Danetariko eretxiak egozan baina literaturan, hezkuntzan eta beste alor batzuetan itzulpenen ekarpena nabarmentzen ebenak be baziran. Aldaketea etorren eta horretaz jaubetuta beharrean hasi nintzan, egoera hori, itzulpengintzearen gorakadea deskribidu gura neban. Nirea ez da itzulpen zehatz baten azterketea, itzulpenak euskal gizarte garaikidean dauen irudia, ze erakunde sortu diran itzulpenaren inguruan eta zelan sortu zan itzulpengitza karrerea zein itzulpenak literaturan izan dauen lekua lako gaiak jorratzen ditut.

Beste alde batetik, euskal eleberrigintzan, ipuinetan eta itzultzaileak personaia moduan agertzen zirala jaubetuta, gauza isolatua barik, loturaren bat ebela euren artean pentsaurik, arlo hori be lantzen hasi nintzan, literatura zalea be banaz eta niretzako olgetea lakoa izan da literaturako fikzinoko personaia horreen eta errealidadearen arteko konekzinoak topau eta batzen ibiltea, besteak beste, Joseba Sarrionaindiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan poemak liburuan sasi-itzultzaile batzuk agiri dira, Joxe Agustin Arrietaren Manu militari lanean be agertzen dira narratzaile-itzultzaile batzuk, Kirmen Uriberen Mussche obran, Jon Alonsoren Katebegi galdua lanean, Bernardo Atxagaren Itzultzaile bat Parisen liburuan, Xabier Mendiguren Elizegiren Bizitzako garairik onena lanean, Ur Apalategiren Fikzinoaren izterrak ipuin bildumako Urrezko vespa eta Bernardo eta Ramon ipuinetan zein Harkaitz Canoren Twist eleberrian.

Itzultzaileak gizartean lekua eta onarpena jasoten hasi ahala, 2000. urtetik aurrera, literaturako personaien atalean, nabarmen agiri dira itzultzaile zein idazleak liburuetan eta bilduma ugari be argitaratu ziran. Hori da ondorioetako bat.


5.- Analisiari jagokonez, itzulpena gizarte egitura legez, itzulpenak literaturan dauen lekua eta itzultzaileak euskal fikzinoan arloetan zer nabarmenduko zeunke? Ze ondorio azpimarratuko zeunke?

Itzultzaileak gizartean dauen onarpena zenbat eta ikusgarriagoa izan, ikusgarriagoa da itzulpena historian eta literaturan, iruditegia bat dator eta horrek loturea dauka itzulpengintzea aztertzeko erabilten doguzan teorietan.

Itzulpena gure literaturearen historian oso presente egon da dudak eragin dituen arren, berbarako, historiografiak idatzi behar zituenen artean, itzulpenak kontuan hartu ala ez erabagiteko orduan. Ohikoa da gurea lako komunidade eleanitzetan, berbarako, Belgikan eta Kanadan.


6.- Euskereak danetarako balio dau, kimika, fisika zein teknologiarako?

Bai, duda barik. Atxakia ez jako hizkuntzeari ipini behar, erabiltzaileari baino. Balio ez dauena hiztuna izaten da ze hiztunak ez badau tresnea, hizkuntzea erabilten eta garatzen, akabo. Aizto amots batek ez dau balio egur bat moztuteko, zorroztu egin behar da aiztoa, pasinoa eta trebezia beharrezkoak dira.


7.- Gastronomian, zelan itzuli: Gelificante vegetal, encapsulacion edo esferificacion, falso caviar...

Berba potoloak dira baina honezkero ez dira hain arrotzak, sarri entzuten dogu eta entzutearen porasuz asimilau, onartu egiten doguz eta aurrera. Erabilerea da giltza, hizkuntza bategaz zenbat eta kontaktu handiagoa izan, berbak ohikoago eta normalago egingo jakuz.

Sarri gure inguruetan ikusten doguzan itzulpen okerrak egiteko motiboen artean bi nabarmenduko deutsudaz: itxikeria eta euskeraz dakien edozeinek itzulpen egokia egin behar dauela pentsetea. Baina kontuan hartu itzulpen okerrok ez dabela zerikusirik euskereagaz, ingelesez be zenbat itzulpen txar ikusi dogu...


8.- Bizkaie! atariaren komunidadean, gure jarraiotzaile edo bisitariek be parte hartu leikien komunidadean be parte hartzen dozu Ardi txikia beti bildots izenburupean. Zelako ekarpenak egiten dozuz?

Bai, oso gustora nabil. Orain urte batzuk konpromisoa hartu neban eta badakit sarriago idatzi beharko neukela baina hor gabiz, eguneroko gaiak, bitxikeriak, beharragaz zein beharretik kanpoko gaiak, itzulpengintza arlokoak zein egunean-eguneango kontu deigarriak, literaturea, alkarrizketak eta bestelakoak.

Nahikoa labur eta zehatz idaztea gustetan jat, irakurleak azkar jaso daien mezua, barrutik urtetan deustana idaztea gustetan jat, gaiari horrenbeste erreparau barik.

 

9.- Zertan zabiz orain? Parisen be egonaldiak egin dozuz...

Beharrean, Giltza argitaletxean hasi nintzan eta hizkuntzearen zorroztasuna eta enparauak be hor sartu jatazan barruraino. Lankide oso literaturzaleak izan nituan eta gustora ibili nintzan. Handik Labayrura egin neban salto, etnografia eta eskola testuak lantzen, eskolarako aplikazinoak egiten. Aurrerago itzultzaile autonomo hasi nintzan eta Itzulpengintza Ikasketak be egin ditut Gasteizen. Tesia idazten be urteak emon ditut eta Bordelen eta Parisen be egonaldiak egin ditut eskolak emoten eta EHUko magisteritzan nabil orain, hizkuntzearen eta literaturearen didaktikea erakusten. Horrezaz gan, ikerketa lanak be ez dodaz baztertu, MHLI, Mari Jose Olaziregi buru dala; gaur egun zentsurearen gaia jorratzen gabiz eta igaz kongresu bat atondu genduan zentsurearen ganeko tesia egin eban Joan Mari Torrealdaik lagatakoari jarraituz.

Ganerakoan, Euskaltzaindiaren mendeurreneko Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak Nazinoarteko jardunaldian be izango naz maiatzaren 16an eta 17an.


10.- Tesia argitaratzeko amesa be badozu...

Sano lanpetuta nabil, lanbideari neurria hartzea ez da erraza, aisiaren eta lanbidearen arteko mugea oso lausoa da baina ezustekorik ez bada, 2020. urtean argitaratu gura neuke; tesiari buelta bat emon eta ondorioak ardatz hartuta, idatzi gura neuke, modu dibulgatiboan.

Bateren batek irakurri gurako baleu tesia eskuragarri dago EHUren webgunean, ADDI biltegian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu