Txomin Solabarrieta abade eta euskaltzalea hil da

Bizkaie! 2019-04-18 11:20   Euskerea berbagai

Ohorezko euskaltzaina, hiztegigilea eta itzultzailea izan zan.

Txomin Solabarrieta, 2011n, Urrezko Lumea emon eutsien egunean (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon hil da, 91 urtegaz, Txomin Solabarrieta Etxaburu abadea, Euskaltzaindiak ohar baten zabaldu dauenez. Ondarroan jaio zan 1927an, eta betidanik egon zan kristinau bizitzeari zein euskalgintzeari lotuta. Haren aldeko hiletea eguaztenean, apirilak 24, egingo dabe, Begoñako basilikan.

Bizkaiko parrokietan ibili zan Solabarrieta euskerea bultzatzen, eta Eleizbarrutiko itzultzaile ofiziala izan zan. Hiztegigintzan, Bostak Bat taldeko kidea izan zan, eta proiektu horretako hiztegi ezagunenetan hartu eban parte: Sinonimoen Hiztegia, Gaztelania-Euskera-Gaztelania Hiztegia, Eskola Hiztegia...

Ganera, ondarroarra izanik, itsasoko lexikoa batzen ibili zan luzaro. Baita Aditz Hiztegirako milaka esaldi aukeratzen be. Euskerearen alorrean egindako lan hori guztia aintzat hartuta, ohorezko euskaltzain izentau eben 2018ko apirilaren 27an. Bestetik, 2011ko Bilboko Liburu Azokan Urrezko Lumea emon eutsien.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Txomin Solabarrietaren ekarpena gogoratu dau: Giza-testigantza egokia emon dau Txominek, fedea eta euskerea buztartuz. Euskera bizia jasoteko gogoa eukan, hiztegigintzearen bidez dotore egin ebana.

Patxi Uribarren Leturiaga euskaltzain emeritu eta Bostak Bat taldeko kideak, honeek berbak idatzi ditu Txomin Solabarrietaren gomutan:

Ohore eta agur apaiz abertzale eta euskaltzale sutsu horri:

Ez dakit non eta noz ezagutu zintudan. Badakit hirurogeiko hamarkadan izan zana. Euskerea eta Euskal kulturea arnasea hartu ezinda, hil zorian, bizi nahirik eta ezinik ziranean. Beharbada UEUn izango zan. Agian gaueskolak indartzen genbizan irakasleon batzarren batean. Batek daki! Akaso isilpeko bertso saioren batean, jantza-emonaldi erdi klandestinoan edota euskerarako dirua biltzeko antolatutako kantaldiren batean.

Ez deutso axola! Bidegurutze batean, betiko alkartu ginan. Biok fededun eta euskaltzale. Biok herri maitale eta abertzale. Bide luzea egin dogu alkarregaz, azken urteotan makal xamar ibili zaren arren.

Lehen aldiz alkar ezagutu genduanean ez nekian Ondarroan 1927an jaioa zinanik. Ezta familia eder bateko seina izanik umezaroan, ni baserri giroan bezela, itsas herriko giro euskaldunean zoriontsu bizi izan zinanik. Luis Baraiazarrak 2011ko Bilboko omenaldian argitara atera ondoren (Karmel aldizkaria, Hemeroteka, 2011-2) ezagutu nebazan zure bizitzako beste zenbait jakingarri, hots, bihotz-bihotzez maite izan dozuzala arrauna, pelotea, bertsoak, euskal jantza eta kantuak… Azken batean, arnasa-iturri dogun Euskal Herri hau.

Alkar ezagutu eta alkarregaz bide luzea egiteko abagune ederra izan dogu: UEUn, alfabetatze-euskalduntze lanetan, ikastolako andereñoentzako ikastaroak prestatzen…, joan-etorri ugari automobilean hara eta hona.

Hasierako hirurogeiko hamarkadetako urratsek bizitza osorako bidelagun bihurtu gintuen hiztegigintzan euskereak behar zituan materialak gertatzen. Hogeita hamazazpi urte egin doguz zeregin horretan, euskerea lantzen, egokitzen, zabaltzen, herritarren esku ondo jantzita jarten.
 
Hasieratik (1982-2019) izan zaitugu Bostak Bat Kultura Alkarteko kide. Ondarroan zuk itxitako etxean emon geuntsan hasierea gure ibilbideari Sinonimoen hiztegia prestatuz. Ilusino handiz hartu zenduan orain dala bost hilabete Juan Luis Goikoetxea eta biok gure 3000 Hiztegi Praktikoa -azken hiztegia- Begoñan eskura emon geuntsunean.
 
Poz handiz hartu zenduan, baita be, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatzea, ezin izan zenduan arren Donostian diplomen banaketan parte hartu.
 
Ordu asko eskaini deutsazuz doban euskereari arnasa barria emoteko ahaleginetan. Lan neketsua  izan arren, pozaldi ederrak be izan doguz alkarregaz, euskal herritarrek halako harrera ederra emon deutsiela gure hiztegi horreei ikustean.
 
Ezin aitatu gabe itxi aparteko ahaleginak egin dozuzala euskerearen ezaugarririk behinenetarikoa dogun Euskal Aditza lantzen eta herritarrei era atseginean aurkezten. Funtsezkoak izan dira, baita be, itsas munduko lexikoari buruzko zure ekarpenak nahiz sinonimoak bilduz euskalkien arteko zubiak egiteko lan oparoak.
 
Zure apaiz lana be gogoan izango dabe edadeko personek Ermuan, Axurian, Amoroton, Gatikan, Bilbon… zure egitekoa kantuz egoki hornitzen baitzenduan. Badakit Ameriketan be izan zinala hango artzainei era guztietako laguntzinoak emonez. Eleizbarrutian 13 urte luze emon zenduzan esker gitxikoa izan ohi dan itzulpen lanetan.
   
Zer gehiago? Ibilbide oparoa egin dozula, poza eta itxaropena erein dozuzala inguruan, beti eskuzabal jokatu dozula. Horren lekuko dogu inguruan bildu dozun adiskide talde handia. Gogotsu jardun izan dozu gure herriaren, bereziki euskerearen alde. Laburbilduz, Jesusi buruz Pedrok esandako berbak gogora ekarriz on egiten igaro dozu bizitzea.
   
Agur, bihotzez, Txomin, Aitaren etxean zoriontsu alkarregaz bildu arte!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu