Euskadiko Ikasleen Orkestrea Derbyshireko Orkestra Gazteagaz dabil alkarlanean

Bizkaie! 2019-04-17 13:24   Musikea

Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean, euskal eta ingeles konposatzaileen lanak joko ditue.



Euskadiko Ikasleen Orkestrea
(EIO) osotzen daben ikasleak gelditu barik dabiz Aste Santuko oporretan. Egunotan Ingalaterran Derbyshire konderriko orkestra gazteagaz alkarlanean eskaintzen dagozan kontzertuen ondoren, Euskadira bueltan datoz laster baina ez dira bakarrik etorriko, Derbyshireko musikari gazteakaz batera etorriko dira. Alkarregaz, euskal eta ingeles gazteek, beste hiru kontzertu eskainiko ditue datozen egunotan Euskadin: apirilaren 18an, Gasteizen; 19an, Donostian; eta apirilaren 20an, zapatuan, Bilboko Arriaga Antzokian.

EIO-k aurten bere pareko orkestra bat topau dau Ingalaterran, Derbyshire City & County Youth Orchestra, eta orkestra horregaz alkarlanean egingo dau aurtengo programazinoa, Ingalaterran hasi eta Euskadin jarraipena izango dauen kontzertu biran. Aste Santuko oporrak hartzeagaz batera, joan zan apirilaren 12an, EIO osotzen daben musika eskola eta konserbatorioetako ikasleek Ingalaterrarako hegaldia hartu eben. Derbyshire konderriko orkestrako musikari gazteakaz hiru egunez entseguak egin ondoren, atzo (apirilak 16) eskaini eben lehen kontzertua Nottingham-eko Albert Hall auditorioan, eta gaur, barriz (apirilak 17) Cambrigen joko dabe (Cambridge University Concert Hall; 13:10 ordu britainiarra).

Cambridgeko kontzertuko azken noten oihartzuna artean entzuten dagozala, gaur gauez barriro bueltako hegaldia hartu eta bihartik aurrera, anfitrioi lana egin beharko dabe: Euskadin kontzertuak eskaintzeko txandea izango da.


Euskadiko Ikasleen Orkestra & Derbyshire City & County Youth Orchestra

Jon Malaxetxebarriaren zuzendaritzapean, orkestra gazte bien arteko alkarlan hau, musika arloko hitzordu bikaina izateaz gan, hango nahiz hemengo musikari gazteentzat alkar truke eta esperientzia parebakoa be bada, antzeko edadeko gazteok musikeagazko pasinoa be konpartiduten dabelako.


EIO, Euskadiko Ikasleen Orkestrea

Euskadiko Ikasleen Orkestrea (EIO) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen dauen hezkuntza-proiektu musikala da. Etorkizuneko euskal musikarien trebakuntza musikalean bidelagun izan nahi dauen ekimen honek, musikea jentaurrean eta orkestra bateko kide lez joteko plazea eskaintzen deutse ikasle gazteei. EIOren helburu nagusia musika konserbatorioetako eta eskoletako ikasleei heziketa sinfonikoa eta orkestra-heziketea eskaintzea da. Batetik, ikasleen motibazinoa piztu nahi dau EIOk, musika ikasketetan jarraitu deien; eta bestetik, konserbatorioetan ikasleek landu ezin izango leukien errepertorio sinfoniko zabala joteko aukerea emon.

Euskadiko musika irakaskuntza zentroetan ikasten dabizen neska-mutilek osotzen dabe, eta edadearen arabera, proiektuak hiru orkestra desbardin ditu:

- EIO: 15 urtetik 18-19ra bitarteko ikasleek osotzen dabe. 2005-2006 ikasturtean jaio zan.

- EIO Gaztea: 13 – 15 urte tarteko neska-mutilak. 2010-2011 ikasturtean sortua.

- EIO Txikia: 10 urtetik 13ra bitarteko ikaslez osotua. 2015-2016 ikasturtean jaio zan.

Egun, Jon Malaxetxebarria gernikarra da EIOren zuzendari musikala. Aurretik, barriz, zeregin hori bera hartu dabe Maite Aurrekoetxeak, Roberto Nuñok, Diego Martinek, Iker Sanchezek eta Juanjo Menak.


Derbyshire City & County Youth Orchestra

Derbyshire City & County orkestra gaztean, Derby herrialdeko eskola eta musika zentroetako ikasle onenek hartzen dabe parte. 14-21 urte arteko ikasleak aukeratuak izaten dira zezeilean eta garagarrilean egonaldiko ikastaroetan parte hartu ahal izan deien. Derbyshire Music Education programearen helburu nagusiak dira: Ikasleen jatorri edo egoera personala kontuan hartu barik, musikea egiteko aukerea emotea, eta bestalde, ahalik eta musika mailarik altuena lortzea, betibe bertako ikasleakaz.

Gaur egun zuzendariak ondokoak dira: Peter Stark (Londreseko Royal College of Musicen irakasle eta zuzendaria) eta Jon Malaxetxebarria. Azken urteotan egin dituen obrak, besteak beste, ondokoak dira: Shostakovich − Sinfonía no.5 (2016), Vaughan Williams − A London Symphony (2017), Bernstein − On the Waterfront Suite (2018) eta Berlioz − Sinfonía Fantástica (2018).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu