Bilbon Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana onetsi dabe 2018-2022 eperako

Bizkaie! 2019-04-17 12:01   Euskerea berbagai

Helburu nagusia da hizkuntza bien arteko bardintasunerantz jotea. 

Gobernu Batzordeak gaur onetsi dau Bilboko Udalean Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plana, 2018 – 2022 eperako. Hau da bosgarren plana. Urte honeetan guztietan, ahalegin berezia egin da Bilboko Udalean lan egiten daben langileen hizkuntza-gaitasuna handitzeko. Bihartik aurrera, indarrean jarriko da Euskerearen Erabilerea Normalizetako V. Plana, 2018 – 2022 eperako.

Plan horren helburuak dira euskerea gehiago erabiltea jarduera publikoan, funtzionarioen artean euskerea sustatzea eta zerbitzua ele bietan emotea. Gaur egun, Udaleko plantilearen erdiak baino gehiagok dauka lanpostuak eskatzen dauen euskerearen ezagutza-mailea (hizkuntza-eskakizuna), nahiz eta inertziaz gaztelania erabilten dan. Hori dala-eta, plan honen bidez, lortu nahi da Udaleko langileek parte hartze handiagoa eta konpromiso handiagoa izatea euskerea arlo guztietan erabilteko.

Hizkuntza-normalizazinoaren eremuko araudiak zehazten dau euskerearen normalizazino eta erabilerea sustatzeko esparrua, herritarren eskubideak eta Administrazinoak herritarren aldera dituan betebeharrak arautuz. Hori dala eta, Administrazino Publikoari jagokonez, jarduera-ardatz bi ezarri dira: batetik, euskerea herritarren alderako zerbitzu-hizkuntzea danez, eta, bestetik, euskerea lanerako hizkuntza danez, Administrazino Publiko bakotxaren barruan eta erakundeen arteko idatzizko eta ahozko hartu-emonetarako.

Planaren helburua da hizkuntza ofizial bien alderako bardintasunerantz jotea, hau da, bardintasun formaletik bardintasun errealerantz jotea. Bilboko Udalaren helburu nagusia da euskerearen erabilerea areagotzen jarraitzea, bai herritarrei emoten jaken zerbitzuan, bai erakundearen barruko eginkizunak kudeatu eta garatzeko orduan, betibe herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuz Administrazinoagazko hartu-emon guztietan.

Hizkuntza-eskubideak herritarrenak dira, eta Administrazinoaren betebeharra da eskubide horreen erabilerea bermatzea; esangura horretan, Udalak baditu betebehar batzuk herritarren aldera, eta enplegatu publikoek betearazo behar ditue betebehar horreek. Beraz, Udaleko langileek, herritarrakaz dituen hartu-emonetan, eurek hautatutako hizkuntzea erabili behar dabe; eta, Administrazino barruan edo beste administrazino batzuekaz izan beharreko hartu-emonetan, Udalak hautatutako hizkuntzan; bai ahozkoetan eta bai idatzizkoetan be.

Euskereak zerbitzu-hizkuntzea izan behar dau hartu-emonetan, eta lanerako hizkuntzea administrazinoakazko hartu-emonetan eta Udalaren beraren barruko jardueretan.

Hizkuntza-normalizazinoaren bidez, lortu nahi da Administrazinoek erabat bermatzea personen hizkuntza-eskubideak, Administrazinoan lan egiten daben personak elebidunak izatea, eta euskeraz be lan egin deiela.

Udalean euskerearen erabilerea normalizetako, beharrezkoa da alde guztiek egitea ekarpenak. Herritar euskaldunek jakin behar dabe Administrazinoa gauza dala zerbitzuak euskeraz emoteko; erakundeetako ordezkariek konpromiso zintzoa euki behar dabe euskerea normalizetako eta holan agertu behar dabe jentaurrean; eta langileek, bestalde, erakundeak horri buruz ezarritako lan-dinamikearen arabera jokatu behar dabe.

Horregaitik guztiagaitik, 2018-2022 plangintza-epe honetan, Bilboko Udalak Hizkuntza Ofizialak Erabilteko Erispideak onetsiko ditu; horreek arau izango dira Udal osoan, eta beharrezkoa izango da erispide horreek bete eta betearazotea. Sail eta zuzendaritza guztien erantzukizuna izango da ziurtatzea erispide horreek kasu guzti-guztietan beteten dirala.

Benetako orduan, ostera, gaztelania da oraindino lanerako hizkuntza nagusia administrazinoetan. Egoera horretatik abiatuta, eta euskerea Udalean lanerako ohiko hizkuntea izan daiten lortzearren, plangintza-epe honetako erronka nagusietakoa da, hain zuzen, eraginkortasunez kudeatzea hizkuntza ofizialen erabilerea. Horretarako, honako ekintza gauzatuko dira:

- Euskereen presentzia eta erabilerea sustatuko da herritarrakaz idatzizko eta ahozko hartu-emonetan, eta, era horretan, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatuko dira.

- Jarrera proaktiboa hartuko da herritarren mesedetan espazio publikoan, euskerea erabilteko gonbita eginez.

- Euskerearen presentzia sustatuko da bai formazinoan, bai personen kudeaketan be.

- Euskerearen erabilerea sustatuko da lan-hartu-emonetan, bai ahoz eta bai idatziz be.

- Hizkuntzen kudeakeeta Udalaren kudeaketako sistema orokorraren barruan integrauko da.

- Administrazino publikoen arteko hartu-emonetan handiagotu egingo da euskerearen erabilerea.

Erabilera-plan hau Bilboko Udalaren erabilera-plan estrategikoa da. Euskadiko jendartea geroz eta elebidunagoa da, eta, hori dala eta, Administrazinoak izan behar dau lehena errealidade horri egokitzen, jendartearen zerbitzurako baita. Alde horretatik, Bilboko Udalak bidea erakutsi nahi dau, kalidadezko zerbitzu elebidun bat bermatuz.

Udalagaz bat egindako erakundeek be aukeran izango dabe Udalak gaur onetsitako Euskerearen Erabilerea Normalizetako Plan hau hartzea eredutzat eta beren euskara-planak onesteko beharrezkoak diran neurriak onestea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu