Donostiako Parte Zaharra eta kaia, Kultura Ondasun
2019-04-17 09:05 KultureaInguru horren itxurea gordetea eta auzotarren beharrei erantzutea dira helburuak.
Orain dala urtebete inguru hasi eben bidea Eusko Jaurlaritzeak eta Donostiako Udalak. Orduan adostutako espedienteari alegazinoak egiteko epea amaituta, baieztau dabe uriko Parte Zaharra eta kaia Kultura Ondasun izango dirala, Monumentu Moltsoen kategorian.
Era horretara, arkitekturearen eta paisajearen aldetik babes handiagoa izango dau inguru horrek, Donostiaren historia luzearen lekuko dalako. Bilbon eta Gasteizen, besteak beste, babes hori daukie alde zaharrek. Eneko Goia alkatearen arabera, oso barri ona da, benetan erdigunea dan leku batek merezi dauen garrantzia hartzen dauelako, eta behar dauen babesa jaso dauelako.
Izendapena onartzeko dekretuak honako hau dino: Arkitekturaren ikuspegitik, urigintzarenetik eta historiaren ikuspuntutik moltso honek balio batzuk ditu. Kalearen trazan eta moltsoaren homogeneotasunean ikusten da hori. Eraikuntza bikainen kalidade arkitektonikoak, ikuskera neoklasikodun arkitektura erresidentzialaren diseinu harmoniatsuak eta 1813 baino lehenagoko eraikinek be kontuan hartu beharreko balioak ditue.
Parte Zaharra eta kaia alkarren alboan egoteaz gan, historian zehar alkarren osogarri izan dira. Espedienteak honako mugak ezarri deutsaz babestutako eremuari: Argazkilari alkartea dagoan eraikinetik Boulevarderaino; ingurune horretatik lerro zuzenean kaietara; hortik Kaiko pasealekuaren hasieraraino, Kofradia, hego-mendebaldeko kai muturra eta Aquarium osoa; eta, azkenik, perimetroa itxi egiten da, Abadeen kaia, Urgull mendiko eskolak, zaindariaren etxea eta San Telmo Museoa barruan hartuta.
Espedienteak honako helburu hau dauka: Alde Zaharraren morfologia konserbau eta, era berean, ingurune horretan bizi diran 4.000 biztanleen beharren kudeaketea malgutzea. Hau da, ondare materiala gorde ez eze, auzoan bizi diran biztanleei onurea ekarri nahi deutse izendapenak. Sarritan, ondarea babesteko ahaleginak eta herritarren beharrizanak ez dira bat etorten, eta ikusteko dago Donostiaren kasuan alde bien interesak buztartzeko modurik dagoan.
Aurrerantzean, eremu horretako urigintza proiektuak arau berezietara egokitu beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzearen Kultura Zuzendaritzearen aldeko txostena behar izango dabe aurrera egiteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!