Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroak sektorearen gaitasuna aztertuko dau Donostian

Bizkaie! 2019-04-17 08:05   Jan edanak

Biltzarrean turismo gastronomikoko startupetarako munduko lehen lehiaketako finala egingo da.

Turismo Gastronomikoaren Munduko 5. Foroa maiatzaren 2an eta 3an egingo da, Donostiako Kursaal Jauregian, Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) eta Basque Culinary Center-ek (BCC) antolatuta. Nazinoarteko adituek honako gai hau aztertu eta eztabaidatuko dabe: turismo gastronomikoak zer eragin eta ahalmen dauen enplegua sortzeko eta ekintzailetzea sustatzeko, eta etorkizunean haren ahalmena zelan handitu. Foroan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago apirilaren 23ra arte, hemen.

Enplegua sustatzea

Foroak aztertuko dau zelan sor daitekezan esparru egokienak lanpostuak sortzeko eta ekintzaileteza sustatzeko turismo gastronomikoaren balio-kate osoan. Ganera, hizlariek era horretako turismorako gaitasun garrantzitsuenak aletuko ditue. Turismo horrek lortu behar dau: goraka datozen enpresen arteko sinergiak bultzatzea, egoera ahulenean dagozan taldeak barruan hartu eta digitalizazinoa kontuan hartu. Ekitaldian munduko eskualde guztietako hizlariak eta adituak batuko dira, baita nazinoartean erreferente diran euskal chefak be, Elena Arzak, TMEko turismo arduratsuko enbaxadore eta Arzak jatetxeko zuzendarikidea, eta Andoni Luis Aduriz.

Horrezaz gan, turismo gastronomikoaren garapenerako TMEren eta Basque Culinaryren gidea aurkeztuko dabe ekitaldian.


Saioak eta startupak

Foroaren hasiera-ekitaldian goi-mailako parte-hartzaileak egongo dira, berbarako, turismo gastronomikoa euren estrategietan gehitu daben herrialdeetako estadu-ipean, turismo gastronomikoa garatzeko behar dan esparru politikoari buruz eztabaidatuko dabe, bai eta lanpostuak sortzeko eta ekintzailetzea bultzatzeko zer ahalmen dauen be.

Saioen bitartez, turista gastronomikoaren eskaerei erantzuteko zer gaitasun behar diran argitzeaz gan, ingurune egokien sorrerea be bultzatuko da, ekintzailetzea eragin, goraka datozen enpresak hartu-emonetan jarri eta egoera ahulenean dagozan taldeak lan-merkatuan hobeto sartu ahal izateko. Tokiko komunidadeakaz eta behar besteko ordezkaritzarik ez daben personakaz (emakume, gazte eta elbarritasuna dabenak) zerikusia daben alderdiak be aztertzekotan dira eta bestelako gaiak be izango ditue berbagai, adibidez, sektorearen digitalizazinoa, eta horrek enpresei emoten deutsezan aukera barriak. Era berean, ekintzailetzea bultzatzeko behar dan esparrua sortzeko izandako azken aurrerapenak be azalduko ditue, eta dagozan ekosistemak turismo gastronomikoaren balio-katearen parte diran startupakaz lotuko ditue.

Testuinguru horretan, turismo gastronomikoko startupetarako Lehen Mundu Lehiaketea antolatu dabe TMEk eta BCCk. Holan, bost startup finalistek euren proiekturik barritzaileenak aurkeztuko ditue; proiektu horreek bat etorri behar dabe TMEren estrategiagaz eta turismo gastronomikoak garapen jasangarrirako helburuei egin beharreko ekarpenagaz.

Foroaren programearen osogarri, bederatzi bisita be egingo ditue, parte-hartzaileek Euskal Herriko gastronomiagaz zerikusia daben zenbait bizipen izateko aukerea izan deien.

Turismo Gastronomikoaren Munduko 5. Foroak honako erakundeen laguntzinoa jaso dau: Espainiako Gobernuaren Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa; Eusko Jaurlaritzea; Gipuzkoako Foru Aldundia, eta Donostiako Udala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu