Euskal Herriko hiru erakunde nagusiak, hizkuntza politikan alkarlanean

Bizkaie! 2019-04-16 08:38   Euskerea berbagai

Hirugarren urtez, Eusko Jaurlaritzearen, Nafarroako Gobernuaren eta Euskerearen Erakunde Publikoak konpromisoa berretsi dabe.

Beñat Arrabit, Ana Ollo eta Bingen Zupiria (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

2017an sinatutako akordioaren aurtengo eranskina adostu eta sinatu dabe Baionan, Euskerearen Erakunde Publikoaren egoitzan. 2019an lankidetzan egingo diran ekimenak zehazten ditu agiriak. Helduen euskalduntzean, hizkuntza gaitasunen egiaztapenean, euskerearen erabilerearen sustapenean eta euskerearen inguruko ikerketan alkarlanean ibiliko dira EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko hiru erakundeok.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren eta Erakundeen Harremanetako kontseilariak eta Beñat Arrabit Euskerearen Erakunde Publikoko presidenteak parte hartu dabe agerraldian. Adierazo dabenez, 2017ko garagarrilaren 3an Iruñean sinatutako Hiruko Itunaren ondorioz Euskal Herri osoan hizkuntza politika kudeatzeko ardurea daben erakundeen artean inozko alkarlanik eraginkorrena garatzen dabiz.

Ana  Ollo kontseilariak Hiruko Itunak Nafarroan dauen garrantzia aitatu dau: Antolatutako lankidetzea, interesen trukea, ezagutzea, jakituria eta esperientziak alkarbanatzeko lana benetan eskertzekoa da. Lankidetzea naturala eta batez be beharrezkoa dala adierazo dau.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, hitzarmenaren eraginkortasuna nabarmendu dau: 2017an Nafarroako Jauregian batu ginanean azpimarratu genduan euskerearen sustapenaren ikuspegitik mugarri bat zala akordioa. Gaur esan geinke Hiruko Ituna izan dala euskerearen lurralde osoan hizkuntza politikea kudeatzen dogun erakundeon arteko inozko alkarlanik eraginkorrena. Hizkuntza politikea eta euskerearen sustapena kudeatzeko modu barria garatzen gabiz, lurralde bakotxaren erritmoak eta ezaugarriak errespetauaz.

Beñat Arrabit EEPko presidenteak lankidetza honen izakera estrategikoa nabarmendu dau: Badira Iparraldearentzat baitezpadakoak diran proiektuak; esate baterako, Eskola Futura eta euskera irakasle izateko lehiaketa berezira hautagaien kopurua handitzeko helburua daben mugaz gaindiko dispositiboak.

2019ko eranskinean zehazten danez, aurten bost gai nagusi jorratuko ditue hizkuntza politikan:

- Hezkuntzea eta helduen euskalduntzea: Ikasleen mobikortasuna bultzatuko da, baita irakasleena be. Irakasleak Iparraldean zein Hegoaldean klaseak emoteko preparauta egon daitezan tresnak eskainiko dira, Eskola Futura programearen bidez. Hizkuntza gaitasunen egiaztapenean be, bateratzera joko dabe.

- Euskerearen erabilerea: gazteei zuzendutako egitasmoak, ingurune digitalari lotutakoak eta arlo sozioekonomikoaren ganekoak aurreikusi ditue, egonaldiak, kirola zein euskerazko Wikipedia sustatuta, besteak beste.

- Sensibilizazinoa eta gogoetak: Euskaraldia da alor honetako proiektu nagusia. Bigarren edizinoa antolatzeko prest dagoz hiru erakunde sinatzaileak.

- Ikerketa soziolinguistikoa eta corpusa: EAS, Euskerearen Adierazle Sisteman alkarlanean jardungo dabe, lurralde bakotxaren ezaugarriak hobeto ezagutzeko. Euskalterm bankuan Iparraldeko berezko berba gehiago sartzeko konpromisoa be hartu dabe.

- Lankidetzea Europako markoan: Aukeren arabera, proiektuak aurkezten jarraitzea Europako finantzaketea lortzeko eta alkarregaz lan egitea POCTEFAren etorkizuneko programa operatiboetan hizkuntza politika lehentasunezko inbersino legez sartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu