Gizartearen sektore gehiagotara heldu da 21. Korrika
2019-04-16 07:59 Euskerea berbagaiAurtengo edizinoa arrakastatsua izan dala dino AEK-k.
Ikaragarria izan da. Holan laburtu dabe 21. Korrika Asier Amondok eta Mertxe Mujikak. Sekulakoa izan da aurkeztu zanetik, eta azken hamaika egunetan, jaso dauen babesa; oraindino be harrigarria da ikustea Korrikak gizartean eragiten dauen pasinoa, nabarmendu dabe antolatzaileek.
Balorazinoa egiteko orduan, ez dabe zenbaki zehatzik emon nahi izan, baina Korrikak hazten segitzen dauela azpimarratu dabe. Asier Amondoren arabera, inozko Korrikarik jentetsuena izan da 2019ko hau, eta urtetik urtera jarraipen gero eta zabalagoa egiten jako ekitaldiari. Uri handietan zein herri txikietan, danetan izan dau arrakastea euskerearen aldeko deialdiak.
Halandabe, AEK-k gusturen hartu dauen datua beste bat izan da: gizartearen sektore barrietara heldu da Klika egiteko deia. Mertxe Mujikaren arabera, lehen zuzenean parte hartzen ez eben gizarte eragile batzukaz hartu-emon sendoagoak euki ditue aurtengo edizinoan, aktore gehiago agertu dira euskerearen normalizazinoaren alde. 21. Korrikak itxi dauen legadu nagusia izan da gizarte-eragileek, egozanek eta gehitu diranek, hartu dituen konpromisoak, AEK-ren arabera.
Albaolako eta Bastidako ekitaldietan abian jarritako Aro Berriari Klika ekimenak erakutsi dau Korrikak argazkietatik urratsetara bidea urratu nahi izan dauela, antolatzaileen esanetan. Norbanakoak, eragileak eta erakundeak: eginez, eraginez, eginarazoz; Maialen Lujanbiok, lekuko barruko mezuaren egileak, adierazo dauenez, euskereak egon behar dau herri honen sistema eragilean.
Antolatzaileek euskal gizarteari esan deutsie Korrika egiten segiduko dabela, edizino barriak eta barrituak, euskerearen aldeko olatua handitzen jarraitzeko, euskerearen normalizazinorako helburua lortzeko. Urte bi barru 22. Korrika heltzen danerako, baina, egunotan entzundako berbak pixkanaka egia bihurtzen hasita egotea espero dau Mujikak: Alde batetik, ezagutzearen unibersalizazinoa azkartzen jarraitu behar da, belaunaldi barriakaz zein helduakaz; beste alde batetik, Euskal Herri osoko euskaltegiek eta herritarrek, euskerea irakasteko eta ikasteko, jasoten dituen diru-bitartekoak dirala eta, hazkundeak agirikoa izan behar dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!