Ane Barrenetxea: 'Inprobizazinoari aparteko garrantzia emoten deutsagu'.
2019-04-22 08:15 BarriketanJatabeko Sua taldeko abeslaria.
28. Gaztea Maketa Lehiaketearen finala jokatu zan oraintsu eta Jatabeko Sua laukoteak jaso dau 5.000€-ko saria eta Bilbao BBK Live jaialdian zuzenean kontzertua emoteko aukerea.
1.- Bilboko Kafe Antzokian saria hartuta esan zenduen ezin gara pozau eta harroau egon aurrera atara dogun proiektu honengaitik. Kobetamendin kontzertua emotea sekulakoa izango da baina jaubetu zarie ze eragin ekarri leiken horrek?
Bai edo. Badakigu ondo, jaialdi eta zuzeneko handietan parte hartzeak ikusgai egiten gaituala eta hori beti da positiboa, hori da talde batek gura dauena ikusleek gu ezagutu eta kontzertuetara ezarrago eta motibauta hurreratzea.
2.- Gaztea Maketa Lehiaketearen finalean zelan sentidu zinien?
Ni oso urduri egon nintzan, normalean holakoa naz, edozein jardueratan, kontzertu txikia izan arren, beti egoten naz jenteari adi, larri euren erreakzinoak eta ikusteko. Baina gustora sentidu nintzan Kafe Antzokian jokatutako finalean, eroso, nahiz eta momentu batzuetan hutsegite edo errakuntza batzuk egon, 20 bat minutuko saioan, saiatu ginan erritmoari eusten; dana emon behar genduan eta antza epaimahaikoei gustau jaken. Akaso, irabazlearen izena emoteko egon ziranean, momentu berezia izan zan, behean egon ginan laurok eskuetatik oratuta eta Sua taldea zala irabazlea entzun genduanean, sekulakoa izan zan, subidoia, asko gustau jatan momentu hori, azkenean errementau egiten dozu.
3.- Ahots sarkorra, berezia dozu Ane... Lanketa berezirik egiten dozu?
Ez, berezkoa da. Antzokian lehenengo abestutako kantuan efektu bat sartu genduan, tuan izenekoa, surregaz kantetan nebala adierazoteko. Batzuetan estutu edo behartu egiten dot ahotsa baina horixe da nire ahotsa. Normalean nire betiko ahotsa erabilten dot.
4.- Noiz sortu zan Sua? Izena nondik nora dator? Nortzuk zarie taldekideak?
Sua baino lehen, Janire eta biok Dekot izeneko proiektuan gengozan eta 2016. urtean maketa lehiaketea be irabazita. Hori amaitu zanean, biok geratu ginan zeozer egiteko gogoagaz. 0-tik astea zan guretzako baina indarrez eta ilusinoz ganezka gengozan eta holan sortu zan, barruan geunkan sua kanporatu genduanean; izena be hor erabagi genduan, sua, barruko sua eta indarra kanporatu behar zalako eta guri asko gustetan jakun Sua izeneko kantu bat baeukalako Dekot taldeak. Hiru bat urte dira aurreko proiektu hori bertan behera itxi eta urtebete eskas barriagaz hasi ginanetik eta pozarren gagoz Sua taldeagaz.
5.- Neska bi eta mutil bi zarie taldean. Gero eta emakume gehiago ikusten da musika taldeetan...
Janire Lopez, Esteban Gabiria eta Julen Wright eta laurok. Egia da, gero eta emakume gehiago ikustea asko gustetan jat, bultzatu beharreko gauzea da; ganera, oro har, gizonezkoen mundua izan da musikearena eta aldaketea ez da txarra. Gurea lako proiektu alternatiboan emakume bi ikustea harrigarria izan daiteke baina gu pozarren gagoz, guretzako normala da eta ez dogu sekula jarrera txarrik ikusi.
6.- Zer dago Mungialdean horrenbeste talde eta sortzaile egoteko (Broken Bihotz, PiLT, Rafa Rueda, Dekot, Belako, Sua...)?
Bai, egia da. Ez dakit zergaitik baina holantxik da, mobimentu berezia dago, musikeagaz oso interesauta gagoz Mungialdean. Suberte handia daukagu ze gogoa eta pasinoa kutsakorrak dira eta hori beti da ona.
7.- Ze talde dira zuon eredu? Ze musika entzuten dozue?
Sua taldeak ez dauka eragin argirik, danetarik entzuten dogu. Taldekide bakotxak estilo zehatzak ditu eta, akaso, nahasketa horrek eragin positiboa dakar. Janire eta biok gara inprobizazinoari edo bat-batekosunari aparteko garrantzia emoten deutsagunak, izan be, norberak ekarpenak egitea oso aberasgarria da; nahasketa horretatik zeozer bateratua egitea da gure jokabidea. Etiketak jarten txarrak gara eta abestiak sortzeko momentuan mugak ez jakuz interesetan; edozelan be estilo alternatiboa, rock alternatiboa nabarmenduko deutsut.
8.- Azken aldion, Eibarren, Ean, Mutrikun eta Bilbon emon dozuez kontzertuak. Hurrengoak noiz?
Polito, gustora gabiz. BBK Soinuak lehiaketan be izena emonda gagoz eta hor be kontzertu bat daukagu, apirilaren 25ean, BBK Salan. Maiatzean Bilboko Satelite T Aretoan, 24an dogu kontzertua Oso Pardo taldeagaz batera. Bagilean, 29an, Cotton Club aretoan dogu kontzertua. Eta garagarrilean, Kobetamendin, Bilbao BBK Live Jaialdian eskainiko doguz gure kantuak.
9.- Urtzi Izak grabau ta masterizau dau zuon EP diskoa, Sua. Pozik emoitzeagaz?
Oso pozik. Urtzi Iza gure laguna da eta upealako lana egin dau.
10.- Errepertorioan zer sartzen dozue?
Kontzertuak 45 minutukoak izango dira; Kafe Antzokiko zuzenekoa kopaua izan bazan, errepertorio polita daukagula pentsetan dot 40-45 minutu ingurukoa, abesti gogorrak, lasaiak, danetarikoak.
11.- Musikea zabaltzeko moduak goitik behera aldatu dira. Egun Spotify, iTunes, YouTube eta Bandcamp plataforma digitalak erabili dozuez...
Bai, jenteak gero eta disko gitxiago erosten ditu, piezak, abestiak dira zabaltzen diranak eta bideak horrexek dira Spotify, iTunes, YouTube zein Bandcamp. Sua, lau abestiz osotutako EP diskoa ez dogu formato fisikoan argitaratu entzuleen jokerak eta ikusita.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!