Kronista arabiarren ‘Vasconia’-ren ganeko testuak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2019-04-15 11:53   Kulturea

Danetara, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik ateratako laginak dira. 



Euskaltzaindia
k La vasconia peninsular en las fuentes árabes (años 711-929) liburua aurkeztu dau, gaur, Donostiako Luis Villasante Ikergunean. Hedabideen aurrean agertu dira Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusia, Ander Irizar Euskarabidea Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua, Mikel Zalbide euskaltzaina eta Jesus Lorenzo Jimenez irakasle eta ikertzailea.

Goi Erdi Aroko Vasconia peninsularra aitatzen daben notizia guztiak batu ditu Jesus Lorenzo Jimenezek La vasconia peninsular en las fuentes árabes liburuan, helburu jakin bategaz: kronista arabiarrek laga euskuezan Euskal Herriaren –batez ere, Nafarroaren- historiari buruzko testuak birpentsetako tresna bat eskueran izatea. Guztira, 195 notizia, 24 egile eta 30 testutatik ateratako laginak dira. Notizia edo barri-emote horreetan aitatzen diran toponimo guztien azterketeagaz zarratzen da liburua (guztira, 52 leku-izen). Testu ugaritan barreiaturik dauden Vasconiari buruzko notizia guztiak bolumen bakar batean eskaini nahi izan ditugu eta, era berean, Europako hizkuntza batera egindako itzulpen eguneratu bat ikertzaileen eskuetan jarri, azaldu dau gaur egileak.

Kronika edo notizia horreetan, arabiarrak Nafarroako egungo lurraldeez arduratu zirala nabarmendu dau Jimenezek: Lurralde honek dituan polo biak nabarmendu zituen: Iruñea eta Tutera.

Aurretiaz be egin izan dira antzerako lanak, baina honek baditu bestelako berezitasunak, egileak berak adierazo dauenez: Liburu honetan agertzen diren itzulpenek ez dute aurreko besteekin lehiatu nahi; aitzitik, horien osagarri dira, pauso bat aurrerago joan nahian. Itzulpen hauek ikertzaileei zuzendurik daude bereziki eta ikertzaile horiek, edukiaz gain, beste kontu batzuetan ere jartzen dute arreta: nork idatzi zuen testua, zer baldintzatan eta abar. Originaletik ahalik eta gertuen dagoen testua eskaintzen saiatu naiz: berdin arabieraz ez dakitenentzako edo arabiera irakurtzen dakitenentzat.

Testigantza zuzenen urritasunagaitik, nahi baino gitxiago ezagutzen dogu Goi Erdi Aroa gurean. Eskuragarri ditugun jakin-iturri guztiak erabili behar izan dira, hortaz, argitze-lan honetan. Alde horretatik, iturri arabiarren testigantzea eb itau ezina zan. Lan handi eta ederra egin dau Jesus Lorenzok esparru horretan. Zorretan gagoz beragaz, esan dau Mikel Zalbide euskaltzainak gaurko prentsaurrekoan.

Zalbide Euskerearen Historia Soziala (EHS) egitasmoko zuzendaria be bada, eta etorkizunean argitaratuko diran lanen barri emon dau: Argitalpen hau Euskaltzaindiaren EHS proiektuan txertaturik dator. Euskarak eta albo-erdarek aldi eta alde jakinetan izandako bizimodua eta partaidetza-moldea aztertzen ditu EHSk, perspektiba soziolinguistikoa izanik ardatz. Gaurko liburu honen ondoan, gure deitura- eta leku-izenen osaera lexikogenesikoa aztertuko duena etorriko da. Bi elementu horien laguntzaz, Goi Erdi Aroko mintzajardunaren gure arteko gizarte-moldaera hein batez argitzea espero dugu hirugarren argitalpen batean.

La vasconia peninsular en las fuentes árabes liburua Etxeberri Bildumaren barruan argitaratu dau Euskaltzaindiak. Etxeberri Bilduma euskerearen historia soziolinguistikoari eskainitako liburu-bildumea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu