Haragia eta txingarra protagonista Tolosan

Bizkaie! 2019-04-12 13:11   Jan edanak

Maiatzaren 9tik 12ra Tolosan eta Basque Culinary Center-en egingo da topaketea.



Yilmaz Öztürk, Carolina Carrile, Isidora Díaz, Diego Pérez Sosa eta Xesc Reina dira, Haragi, Txingarraren eta Haragiaren Nazinoarteko Topaketearen bigarren edizinoak batuko dituan izen propioetako batzuk.

Profesionalen topagune izateko eta okelearen bueltako jai giroaz gozetako hitzordu gastronomikoa da Haragi. Profesionalei ikusgarritasuna emon, bertako produktuaren bikaintasuna islatu, Euskadiko parrilla tradizinoa balioan jarri eta ondorengo belaunaldiak erakarri dira helburuak.

Topaketearen bueltan antolatutako hitzorduek entzute handiko dozenaka profesional, kazetari eta kritiko gastronomiko batuko ditue, baita munduko txoko askotatik etorritako okelazale ugari be. Okelearen eta parrillearen sektorearentzat erreferentziazko hitzordu bihurtu da, baita ondo jatea gustuko dauen edozeinentzako be.


Sektore estrategikoa

Haragiren aurkezpen ekitaldian presente izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Olatz Peon, Tolosako alkatea, eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko Zuzendari Nagusia.

Aizegak berak azaldu dauenez, gastronomia sektore estrategikoa da Euskadirentzat, baina ez edozelako gastronomia; haren esanetan, egungo gastronomiak elikadura kontzienteagaz, hurrekotasunagaz dau zerikusia.

Peonek be bat egin dau Aizegagaz, gastronomia sektore estrategikoa dala esateko momentuan: Definidu egiten gaitu, gure nortasuna da eta jarduera ekonomikoa bultzatzen dau. Alkateak berretsi dau sektoreagaz eta kate osoagaz dagoan apustua, gure erakusleiho dan Haragi horren adierazle.

Tolosako alkate Olatz Peon Ormazabalek Tolosa eta parrillearen arteko lotura estua nabarmendu dau: Erreferentzialtasun hori bertatik jatorko, elikadura kate oso horretan, haragitik hasi eta sukaldera gurean egon dan ekintzailetzea, barrikuntzea, forma eta molde barriei esker. Parrillariak erreferente dira tradizinoan, lan onean, kalidadean eta espezializazinoan, baina duda barik, baita barrikuntzan be.

Bittor Orozek, barriz, Haragiren oinarrian dagoan alkarlana azpimarratu nahi izan dau beharrezkoa baita parrillearen inguruko kultura hori transmitiduteko orduan: Sukaldariak eta gastronomiaren sektorean lanean dabizenak edukau behar dira ahalik eta lehiakorrenak izan daitezan, eta bestetik, herritarrei begira balioan jarri behar da kozinetako era horrek, parrilleak, Euskadin izan dauen tradizinoa eta emoten dituan aukerak.


Sektorearen etorkizuna

Haragi maiatzaren 9an abiatuko da, Basque Culinary Centerreko areto nagusian egingo dan profesionalei zuzendutako kongresu bategaz. Hainbat adituk ezagutzak, teknika barritzaileak eta okelearen eta parrillearen inguruko jokeren nondik-norakoak konpartiduko ditue.

Zeintzuk dira erreki on bat lortzeko gakoak? Jasangarria al da egungo erreteko modua? Posible ete da parrilleagaz ekintzailea izatea? Zelan bermatu animalien ongizatea? Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak? Kongresuak holako galderei erantzunak topetea izango dau helburu, eztabaida lau alorretara bideratuz: produktua, teknikea, animalien ongizatea eta etorkizuna.

Aurrez aitatu moduan, Oztürk, Carriel, Díaz eta Sosa konpresuan izango dira, baita Mikel Zeberio, Joseba Odriozola, Jorgue Guijarro, Ricardo Gadea edo Juan Antonio Zaldua lako adituak be. Tolosako lau erretegietako parrilleroek be ez dabe hutsik egingo: Xabi Gorrotxategi (Casa Julian), Xabier Ruiz (Casa Nicolas), Leire Etxezarreta (Botarri) eta Juanjo Pascual (Botarri).

Kongresuaren ondoren, Xesc Reina harakin eta hesteki-egile artisauak formazino saio bat eskainiko dau, hau be profesionalei zuzendua. Okelearen proteinak eta elaborazino tradizionaletan oinarritutako barrikuntzea izango ditu berbagai.

Kongresurako eta formazino saiorako izen-emoteak dobakoak dira, baina aurrez izena emotea beharrezkoa izango da. Horretarako haragi.eus webgunean formularioa bete beharko da.


Zuzeneko erakustaldiak Tolosan

Haragiren izakera herrikoia nabarmendu behar da, izan be, Tolosaren ikur dan festa girorik ez da faltako. Euskal Herria plazak Haragi hartuko dau maiatzaren 11n eta 12an. Zuzeneko erakustaldiak eta probetako saioak izango dira, bertako parrilleroen eta nazinoartetik etorritako sukaldarien eskutik. Hitzaspertu bat egin eta euren teknikak hurretik ezagutzeko aukerea da.

Zapatuan, esaterako, Diego Perez Sosa uruguaitarrak txerrikume adobatu errea kozinauko dau, keztatutako ananaren ozpin-orio eta sugeldoan egindako kipulakaz. Txomin Parrillak, barriz, behia erreko dau, Tolosan bertan estreinauko dauen teknika barri bategaz. Gauean, barriz, saltxitxak eta txuletakaz egindako hanburgesa eta txistorra artisauak probau ahal izango dira. Yilmaz Öztürk turkiarrak arkumeagaz egindako jaki bi egingo ditu: Cag Kebap-a eta Kokorec-a. Domekan, barriz, Carolina Carriel eta Isidora Diaz txiletarren txandea izango da: arkumea makil erara egingo dabe, bizigarri txiletarra gehituz ondoren.

Bigarren edizino honetako beste barrikuntzetako bat Sua espazioa da. Hogei laguneko taldeei esperientzia gastronomikoa eskainiko jake, Tolosako erretegietako txuletak ezagutu eta probetako helburuagaz. Erretegietako parrilleroen eskutik, ordu erdiko bisitetan, sua piztu, okelea moztu eta erretako teknikak erakutsiko ditue. Bisitariek eurek erretako txuletea probau ostean amaituko da esperientzia.

Probetako saiorako txartelak egunean bertan jarriko dira salgai plazan. Sua espaziorako txartelak, ostera, aurrez eskatu ahal izango dira haragi.eus-en.


Mahaiak topagune

Otorduak dira Haragiren beste indarguneetako bat. Aurten, ohiko bihurtu diran txuleta menuaren Zerkausiko bazkariez gan, hitzordu bereziak izango dira Euskadiko zenbait jatetxetan.

Maiatzaren 9an, afari ibiltaria izango da Tolosako lau erretegietan (Botarri, Burruntzi, Casa Nicolás eta Casa Julián)–, parrillearen inguruko tradizinoa ezagutzera emoteko.

Maiatzaren 10ean hitzordu bi izango dira: Goizean, Foruan (Bizkaia) dagoan Baserri Maitea jatetxean parrillearen eta errekien inguruko bazkari-barriketaldia izango da, Ricardo Gadea, Jorge Guijarro eta Juan Antonio Zalduaren eskutik. Moderatzaile lanak Mikel Zeberiok egingo ditu. Gauean, HIKA Txakolindegia izango da Haragiren aterpe, Amasan (Gipuzkoa). Su gainean egindako euskal errezeta tradizionalak izango dira afariaren osogai nagusi; Jon Ayala, Gregorio Tolosa, Joseba Odriozola, Pili Manterola eta Roberto Ruiz sukaldariek, euskal errezeta bana preparauko dabne, parrillan. Josema Azpeitiak gidatuko dau saioa.

Eta amaieratzat, Tolosako Zerkausian jarriko dan jangela erraldoian txuleta menu tradizionala probetako aukerea izango da. Herriko lau parrilleroek nazinoarteko gonbidatuen laguntzinoa izango dabe. Txuletea izango da plater nagusia, eta kalidadezko bertako produktuak be eskainiko dira, Nafarroako zainzuriak, pikillo piperrak edo Tolosako gozo tradizionalak.

Otordu horreetarako erreserbak haragi.eus webgunean egin ahal izango dira, eta txartel bakotxaren prezioa bardina izango da hitzordu guztietarako: 50 euro.


Tolosa, parrillan aitzindari

Euskadiko punturen batean parrillea eta okelea buztartzeko ohiturarik bada, hori Tolosan da, izan be, erretegietako goxotasunaren bueltan sei hamarkada baino gehiagoko ibilbidea dau herriak. Tolosan sortu zan gaur egun mundu osoan erabilten dan inklinautako parrillea; idi-txuletak lehenengoz erre ziran lekua be bada.

Lehengo urtean lehenengoz ospatu zan Haragi Topaketea sortu aurretik be, hamaika urtez antolatu da Tolosan ehundaka lagun batzen zituan Txuletearen Festa. Erabarritzeko asmoz egindako hausnarketa batzuen ostean, Haragi Topaketeak hartu deutso lekukoa ohiturak, bertako produktua, profesionalizazinoa eta parrillearen inguruko jakintzea buztartzeko atondutako jai honegaz.

Kontuak kontu, informazino gehiago eta egitaraua hemen aztertu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu