Mireia Massagué: 'Chillidarentzako omenaldirik onena da museoa zabaltzea'

Dabi Piedra 2019-04-15 08:03   Barriketan

Chillida Lekuko zuzendaria.

Hainbat urtez zarratuta egon eta gero, Hernaniko Chillida Leku museoak ateak zabalduko ditu barriro eguaztenean, hilak 17. Mireia Massagué proiektu barriaren zuzendariaren arabera, Gipuzkoako eskaintza kulturalaren ardatzetako bat izateko asmoa dabe, inguruko herritarrei lotuta eta bertoko produktuak erabilita. Izan be, Eduardo Chillida beti egon zan bere lurrari lotuta.

Kataluniako Teatro Nazionalaren eta Gaudi proiektuaren ardurak atzean itxi, eta Bartzelonatik etorri da Mireia Massagué, Chillida Leku zuzentzea bere ibilbide profesionalean aurrerapausua izango dalakoan. Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce andra-gizonen amesa izan zan Hernaniko museoa, eta orain dala 20 urte lehenengoz zabaldu ebeneko kontzeptuari eutsi deutsie oraingo arduradunek, baina gaur eguneko beharretara eta teknologietara egokituta.

 

1.- Zelan bizibarrituko dozue Chillida Leku, horren leku berezia izanda?

Egia esan, pozik nago Chillida Lekuren aro barri honen parte izateaz. Museokook uste dogu Chillidarentzako omenaldirik onena dala barriro gune hau zabaltzea. Chillidak eta Pilar Belzuncek nahi eben jentea paseoan ibilteko leku bat, artelanetara hurreratzeko modua emongo ebana, eta horretan gabiz geu be.


2.- Chillida Leku, lehenengoz, 1999an zabaldu zan, orain dala hogei urte. Gaur egungo publikoaren gustuetara egokitzeko gauza asko aldatu behar izan dozuez?

Hogei urtean asko aldatu da publikoari emon beharreko arretea eta honek bizi behar dauen esperientzia. Atera kontuak, internet ipini behar izan dogu museoan, ez dalako egon. Sarrerak sarean erosteko programea be abiatu dogu. Kafetegia zabaldu dogu, ze gaur egun edozein ekipamenduk dauka bat; Lurra izena ipini deutsagu, Chillidak lantzen zituan lurrei omenaldia eginaz. Fede Pacha sukaldaria izango da zerbitzuaren burua, eta inguruko lurraldeagaz lotura handia izango dauen proposamena dakar, euskal produktuakaz. Goi mailako sukaldaritzea bai, baina bertoko produktuakaz egina. Guretzat be ilusinoa da halako azpiegitura barriak ipintea, ze badakigu horrek bisitarien esperientzia hobetuko dauena. Ganera, instalazinoak eguneratu behar izan doguz, argiak aldatu eta teilatua sendotu, baina hori mantenimenduaren ohiko kontuak dira.


3.- Eduardo Chillida eta Pilar Belzunceren senideek beti agertu dabe interesa artistearen ondarea kudeatzeko. Hareen aholkuak edo laguntzinoa izan dozuez museoa barriro zabaltzeko prozesuan?

Alkarlan estu-estuan ibili gara Eduardo Chillidaren oinordekoakaz, batez be Ignacio eta Luis Chillidagaz, eurak diralako proiektu hau ondoen ezagutzen dabenak. Arazorik edo zalantzarik izan ezkero, eurei eskatzen deutset laguntzinoa, Eduardo Chillidaren ikuskerea gordeteko bermea diralako. Ez dogu ulertzen Chillida Leku senideen alkarlan barik.


4.- Bisitariak dira, duda barik, Chillida Lekuren eta museo guztien ardatz nagusietako bat. Ate edegien eguna egin barri dozue asteburuan, eta eguaztenean inaugurauko dozue museoa. Zer eskaini gura deutsazue bisitariari?

Ate edegien egunerako 12.000 eskari jaso genduzan, 1.200 sarrera banatzeko, oso pozik gagoz. Gauza guztien moduan, lehenengoa oinez hastea izango da, pixkanaka martxan jarteko. Bisitaldi gidatuak emongo doguz, jenteari Chillidaren artelanak ulertzen laguntzeko, ondoren umeentzako tailerrak ipiniko doguz martxan... Aurrerago beste ekimen batzuk be etorriko dira. Bestetik, gidaliburuak argitaratu doguz, baina ez katalogo potolo horreen modukoak, dibulgatiboagoak baino, eta merkeagoak. Bildumatxuak be aterako doguz, Chillidaren obrea gizarteratzeko eta, pixkanaka, geure programa kulturala osotzen joateko. Pieza bakotxa hiru euroan salduko dogula uste dot.


5.- Ze lotura izango dau Chillida Lekuk inguruko herriakaz?

Eduardo Chillidak beti euki eban bere jaioterria buruan. Horregaitik, bere obrentzako lekua bilatzen hastean hemen inguruan izan behar zala garbi eukan. Guretzat, inguruko herriakaz loturea egitea funtsezkoa izango da, sinergia egokiak topetan ahaleginduko gara inguruko erakundeakaz, Chillida Leku eskualdeko eskaintza kuturalean bete-betean sartzeko.


6.- Urteko txartelak atera dozuez. Hori be bada hemengo herritarrei begirako keinua.

Bai, gure asmoa da, bonoari esker, bisitariak nahi beste bidar etortea gugana, bertoko publikoagana hurreratzeko pausua da. Horregaz lotuta, Chillida Lekuren irisgarritasuna da gure ardura handienetako bat, Gipuzkoako Foru Aldundiagaz batera plana egin dogu, G2 autobus lineako geralekua hobetzeko. Laster, Donostia zein Hernanirako norabideetan geratuko dira autobusak gure alboko geralekuan. Mobikortasunaren inguruko ikuspegia asko aldatu da urteotan, gaur egun ezin da ulertu museo bat inguruan garraio publikorik ez badauka. Lanean segiduko dogu, bidegorria honaino heldu daiten, eta Topoaren Rekaldeko sarbidea Chillida Lekurako aproposa izan daiten.


7.- Bilduma iraunkorraz gan, behin behineko erakusketak ipiniko dozuez. Lehenengoa, Eduardo Chillida Ecos, inaugurazinoagaz batera zabalduko dozue. Zelakoa da?

Chillidaren ibilbidearen atzera begirakoa da. Baserriaren barruan, 1940 eta 50eko hamarkadetako obrak dagoz, gero Grabitazinoak eta Lurrak ikusi ahal izango ditue bisitariek, eta, azkenik, obra publikoari errepasoa egingo deutsagu, zelan Eduardo Chillidak bere ibilbidearen amaieran obra publikora jo eban, artelanak ahalik eta jente gehienaren eskura jarteko. Obra batzuk oso bereziak dira, aspaldi Chillida Lekun egon bakoak.


8.- Kataluniako Teatro Nazionalean eta Gaudi proiektuan ibili zara aurretik. Zelan sortu jatzu Chillida Leku zuzentzeko aukerea?

Era honetako proiektu baten sartzeko prozesuan parte hartzea itzela da, eta ni aukeratu ninduenean, zer esanik ez. Eduardo Chillida XX. mendeko eskultorerik handienetako bat izan zan, beharbada handiena, ilusino handia eta aukera bakarra dira niretzat. Hemengo lantaldeak ederto hartu nau, pozarren nago Donostiara bizi izaten etorri izanaz.


9.- Ordu gitxi falta dira Chillida Leku zabaltzeko. Ze sensazino daukazuz?

Emozinoa eta tensinoa nahastauta daukadaz, babes mezu asko jaso doguz eta horrek lasaitu egiten nau, baina erronka handia dogu, langea goi-goian dagoalako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu