Bakioko memoria historikoa aztertu dau Zuriñe Goitiak
2019-04-12 10:29 KultureaGerra Zibila eta Francoren diktadurearen lehen urteak jorratu ditu liburuan.
Alkarlanari esker, Bakioren iragana hobeto ezagutu eta ulertzeko lan mamintsua plazaratu ahal izan dau Zuriñe Goitia ikerlariak. Bakioko Udalak eta Aranzadi Zientzia Alkarteak egin dabe bat Bakio 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan izeneko liburuak argia ikusi deian, Labayru Fundazinoa be laguntzaile dala.
Herritarren bizipenak dira liburu barriaren oinarria. Gerra Zibila eta Francoren diktadurearen lehenengo urteak ezagutu zituen personei itaunka ibili da Goitia, hareen gomuten bidez materiala osotuteko. Grabazinoetan batutakoa Bakioren memoriaren parte inportantea da, eta liburu formatuan aterata herritar zein interesdun guztiakana helduko da.
Herri txikia dan arren, Bakiok interes estrategikoa euki eban 1936ko Gerran, Sollube eta Jata mendiak albo-alboan ditualako. Inguru horren kontrola irabaztea funtsezkoa izan zan faxistentzat, Bilbora kostaldetik hurreratzeko. Horregaitik, burrukaldi latzak egon ziran han.
1931tik 1945era Bakion jazo zanaren analisi objektibo eta sakona egin dau Zuriñe Goitiak, Labayru Fundazinoak ohar baten zabaldu dauenez. Lau atal nagusi ditu liburuak. Lehenengo partean, gerrearen aurreko urteak aztertu ditu, Errepublikearen sasoiak. Bigarren atalean gerrea bete-betean agiri da, Bakio faxisten esku jausi zan arte. Hirugarrenean, gerraostea, diktadurearen lehenengo urteak eta errepresaliaduen datuak. Azkenik, laugarren zatian lekukoen testigantzak datoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!