Eguneroko ezinegonak fikzinoaren bidez azaleratu ditu Aintzane Usandizagak

Bizkaie! 2019-04-12 09:28   Kulturea

Zortzi narrazino labur dakarz Kabitu ezina liburuak.

Argitaratzen dauen lehenengo liburua dau hau Aintzane Usandizagak, baina Elkar argitaletxe ezagunak emon deutso estreinaldirako aukerea. Izan be, Xabier Mendiguren editoreak idazle gaitasuna ikusten deutso Usandizagari.

Zortzi ipuin batzen dituan bildumea da Kabitu ezina, modu independentean idatzitako zortzi istorio, gerora argitalpen bakarrean batutakoak. Bakotxa bere aldetik idatzita dagozan arren, zortzi narrazinoek baditue antzekotasun ugari, lantzen dituen gaiei begiratu ezkero. Badagoz lagunartean zein familian kokatutako kontakizunak, era askotako pertsonaiak agiri dira... baina danetan dagoz gizakien arteko hartu-emonetan sortzen diran tensinoak, norberaren barruan hazten diran ezinegonak.

Eguneroko bizimoduan kokatutako istorioak dira, eta, hortaz, esan leiteke egunerokotasunak dakarzan ezinegonak aztertu dituala Usandizagak. Sentipen horretan oinarrituta aukeratu dau izenburua, Kabitu ezina.

Gizarteko taldeen barruko hartu-emonei arretaz begiratu deutse Usandizagak, batez be, luzarorako izaten diran taldeetakoak: Familia, kuadrillea... hortik kanpo dagozanak be gogoan izan ditu kontakizun batzuetan: bakardadeari, zikloen amaiereari eta heriotzari buruzkoa be bada liburua. Eguneroko normaltasunak dituan arrakalak agertzen ahalegindu da.

Azaleko eta liburu barruko ilustrazinoak Pili Aguadok egin ditu. Usandizagak idatziz kontau dituan sensazinoak marrazkietara eroaten ahalegindu da, kolore baltz eta gorriak nagusi diran estiloan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu