Tana Garrido eta ‘consonni radio Az-gaz’ dira Egonaldi Artistikoen programako barrikuntzak

Bizkaie! 2019-04-12 09:12   Kulturea

Praktika artistikoen egonaldiak Kubako eta Euskal Herriko artisten arteko trukea sustatzen dau.

Praktika artistikoen egonaldiak Kubako eta Euskal Herriko artisten arteko trukea sustatzen dau, espazio bietan testuinguru artistiko desbardinetan ikerkuntzea eta lana bultzatzen dituan ikerketa-aldi bat eginez. Egonaldia Carlos Garaicoa Estudioak Habanan dauen Artista x Artista programeagaz lankidetzan egiten da.

Tana Garridok egonaldiaren lehen zatia La Habanan (Kuba) egingo dau eta bigarrena, Azkuna Zentroan. Aldi berean, Carlos Garaicoaren Estudioak eta Azkuna Zentroak Kubako artista bat hautatuko dabe 2019ko azken hiruhilekoan zentroan izan dan egoiliarragaz hartu-emonetan, antzeko ibilbide bat egiteko. Praktika Artistikoen egonaldia biek egindako lanaren erakusketeagaz amaituko da, Azkuna Zentroan ikusgai egongo dana. Aurreko urteetan Taxio Ardanaz, Miriam Isasi eta Jose Ramón Ais izan dira egonaldi honetaz disfrutetako aukerea izan dabenak.

Tana Garridoren Nace parda y se blanquea proiektua ikus-entzunezko behatokia da da eta jarduera eremu nagusi bitan zabaltzen da; alde batetik, kubako etxeko espazio garaikidea eta bertan, tabako eta azukerearen bitartez, alkarri lotzen diran hartu-emonak kontauta; eta beste alde batetik, euskaldun batzuen oroimenaren lehenaldiko kolonia-aztarnak. Alde biak artista beraren familiako kontakizunen bitartez aztertuko dira eta praktika artistikoaren dokumentalismoaren bidez, ezagutzearen sorkuntzea izango dau helburu.

Proposamen hau honako epaimahaiak aukeratu dau: Lucia Aguirre, Guggenheim Bilbao Museoko komisarioa; Lillebit Fadraga, La Habanako Artista x Artista estudioaren zuzendaria; Ángel Calvo, komisarioa; eta Fernando Pérez, Azkuna Zentroa Bilbaoko zuzendaria.


Begirada kritiko barriak

Consonni, Azkuna Zentroko kolektibo egoiliarrak, deialdi publiko baten bidez, zentroan egiten dan consonni radio Az-gaz proiektuaren programazinoaren barruan sartuko diran podcast barriak aukeratu ditu.

Gonbidapenak, ikuspegia zabaltzeko eta programok beste ahots kritikoek egiteko aukerea emoteko helburua dau. Programok hautatzeko orduan, eduki kultural kritikoa eta kalidadezkoa zabaldu eta transmitiduteko gaitasuna, podcastingeko eremuetaz harago joateko nahia, formatuen esperimentazino eta edukieratik abiatuta, baita ideak gauzatzeko bideragarritasuna be kontuan izan dira. Epaimahaia Alberto de la Hoz, soinu teknikaria; Itziar Ijalba, Azkuna Zentroko komunikazino arduraduna; Montserrat Brunet, consonniko taldeko kidea; Jaime de los Ríos artistea eta Ane Zabala kazetaria.

Aukeratutako proposamenak ondorengoak dira:

• Gabriel Villotaren Voces que caminan.
• Jone Uriarte eta Lur Olaizolaren Phoenix Ragazza.
• Libe Belandiaren Black surgery / Robar como un artista.
• Sacchi – de Santoren T.R.A.U.M.A (Transiciones. Resistencias. Utopías. Migraciones. Anormales).
• Intangia, Ondasun Ukiezinen defentsarako elkartearen, Propiedad Intelectual en femenino y autogestión.
• Borja Cresporen Contracömic

Sei irratsaio horreek zuzeneko publikoagaz grabauko dira Kulturen Atarian dagoan consonni irratia Az-gaz estudiotik eta online be entzun ahal izango dira.


Azkuna Zentroa sorkuntzako ekintzak bultzatzen

Azkuna Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu, zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketea, sorkuntzea eta produkzinoa sustatzeko, artelanak bultzatu, eta herritarrakana hurreratzeko, egindako obrak zein sorkuntzako prozesuak erakutsiz. Egonaldi artistikoen programak baldintza egokiak eskaintzen ditu sortzaileentzako, material eta espazio aldetik, zentroak dituan programei eta ekintza arloei lotutako sorkuntzako proiektuak egiteko. Aldi berean, hurreko sorkuntza-ehuna nazinoarteko kultura-ingurune baliokideakaz lotu, eta truke, lotura eta lankidetza iraunkorrak gura ditu. Zeregin horretan, beste zentro batzuekaz alkarlanean jarduteko ahalegina egiten da, adibidez, La Habanako (Kuba) Carlos Garaicoa Estudioagaz eta Rotterdamgo Dansateliers Jantza Garaikideko zentroagaz. Sare horrek bide emoten dau prozesu artistikoak trukatzeko eta jarraipena izan leikien lanbide-hartu-emonak indartzeko. Deialdi honeetaz gan, Azkuna Zentroak ‘Kolektibo Egoiliarra’ programea dau.


consonni radio Az-gaz

2018 eta 2019 urte bitartean, consonni, San Frantsizko auzoko espazio kultural independentearen arte argitaletxe eta produktorea, Azkuna Zentroko ‘kolektibo egoiliarra’ da. Egonaldi honetako consonni proiektuak irratia dau ardatz formula kritiko, eduki kultural kolektiboa sortzeko eta zabaltzeko.

Bulegoa Z/B, arte eta ezagutza bulegoa eta Zoohaus kolektiboa kolektibo egoiliarrak izan zirsn 2014-2015 eta 2016-2017 urteetan, hurranez hurran.


Tana Garrido Ruiz, 1989

Euskadin bizi eta lan egiten dau. Bere lana, dokumentalaren, arte garaikidearen, saiakera bisualaren eta dinamizazino kulturalaren barruan kokatzen da. BENDITA TÚ (Buenos Aires-Madril-Bilbo) Emakumeek egindako film labur jaialdiko programatzaile eta fundatzailea eta SC Kolektiboaren partaide da; beste lankide batzuekaz batera, tailerrak be emoten ditu. Gainera, urtean behin ospatzen diran Swap Footage Jardunaldiak antolatzen ditu ikus-entzunezko esperimentazinoa eta konpartidutako materialagaz egindako lanaren inguruan. Aurreko urtera arte, IBERODOCS, Edinburgoko Film Dokumental iberoamerikar jaialdiaren programatzaile izan zan eta gaur egun bertan parte hartzen dau. Haren piezak arte garaikideko zentro desbardinetan ikusgai egon dira: Sant Andreu Contemporani (Bartzelona), La Capella (Bartzelona) edo BilbaoArte Fundazinoa (Bilbo), eta Márgenes (Madril), Atlantidoc (Uruguay), Biedódromo (Bilbo) edo Visual Sound (Bartzelona) lako film jaialdietan parte hartu dau. Gaur egun bere lehen film luzearen gidoia idazten dago.

Banco Sabadell Fundazinoak egonaldi artistikoen programea babesten dau, artea eta kulturea sustatzeko eta zabaltzeko dauen programearen barruan. Praktika Artistikoen egonaldia euskal hizkuntzea eta kulturea mundu osotik zabaltzeaz arduratzen dan Etxepare Euskal Institutuaren laguntzinoa dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu