'Atzera Begira: Giorgio Morandi eta Antxinako Maisuak' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2019-04-11 11:47   Kulturea

2019ko apirilaren 12tik urriaren 6ra egongo da zabalik Bilboko Guggenheim Museoan.

Gaur aurkeztu dabe erakusketea Rafael Orbegozo, Iberdrolako Presidentetzearen Aholkulariak, enpresa hori baita erakusketearen babeslea; Petra Joos, komisarioak; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak.

XX. mendeko margolari italiar garrantzitsuenetako baten ibilbide zabala, ikusarazoten dauena harek margotutako natura hilen eta artearen historiako erreferentzia nagusietako batzuen arteko hartu-emonak. Iberdrolak babestuta, erakusketa honek lehen aldiz batuko ditu Morandiren aparteko pinturetako asko eta lau hamarkadatan zehar (hau da, gerrarteko garaitik 1960ko hamarkadaren hasierara) haren jarduera artistikoan eragina izan eben Antxinako Maisuen obretako batzuk.

XX. mendeko natura hilen margolaririk barritzaileenetako bat izan zan Giorgio Morandi (1890–1964), eta haren lana ez da sailkatzen erreza. Botila, pitxer eta kutxakaz osotutako bere konposizino enigmatikoek ikusleak liluratzen jarraitzen dabe, euren sinpletasunagaz eta errealidadearen irudikapen subjektiboagaz.

Italiako Bolonia jaioterrian bizi izan zan Morandi bizitza osoan zehar, eta udak Grizzana-ko mendietan igaro zituan, Emilia-Romagna eskualdean. Haren logela-estudioan bizi eta bertan egin eban lan; leku berezia zan, natura hil baten itxurea ebana eta bertan, bere objekturik kutunenez inguratuta egoan artistea. Artisteak behin eta barriro konfiguratzen zituan eta etxeko objektu arruntak irudikatzeak eskaintzen dituan aukera amaibakoetan jarten eban arretea.

Morandik Bolonia nekez itxi baeban be, denpora-bidaiari trebea zan. Artearen historiako ikasle saiatua izanik, askotariko iturrietara jo eban arte-ikasketetan. Atzera begira erakusketeak Morandiren lanaren alderdi jakin bat aztertzen dau: zelako eragina izan eban Antxinako Maisuen pintureak haren produkzinoan. 1920ko eta 1960ko hamarkaden artean egin zituan natura hilak ikertuz, erakusketeak loturak ezartzen ditu obra horreen eta margolari italiarrak miresten eta aztertzen zituan artisten obren artean. Ikerketa horrek agirian ipinten dituan mekanismoak, eragin edo jaubekuntzeagaz baino, lotuagoak dagoz Morandik haren aurretik egon ziran artistakaz zituan hautazko parekotasunakaz.

Atzera begira erakusketeak hiru aurrekari ditu aztergai, bakotxa Europako herrialde batekoa, eta XIX. mende aurreko erreferentzia premodernistetan jarten dau atentzinoa: XVII. mendeko espainiar pinturea eta natura hilen tradizinoa; XVI. mende amaierea eta XVIII. mende hasiera arteko Boloniako margolariak; eta, azkenik, XVIII. mendeko Jean-Baptiste Siméon Chardin frantziar artista handiaren natura hilak eta genero-pinturak, izan be, Espainiako Urrezko Mendeko dramatismoz, seicento italiarreko naturalismoz, eta Chardinek eguneroko objektuen mundura ekarritako hurkotasunez busti zituan Morandik pitxer, botila eta kutxen irudiak.


Giorgio Morandi (1890–1964)

Bolonian jaio eta bertan eban logela-estudioan egin zituan bere natura hil, loreontzi eta paisaje denporabakoak. 1907tik 1913ra bitartean Boloniako Arte Eder Akademian ikasi eta futurismo italiarragaz kontaktuan egon zan epe labur batez, hain zuzen, herrialdeko abangoardia ikonoklasteagaz. 1919–1920an, pintura metafísica mobimentu iragankorreko zenbait figurakaz bat egin eban, besteak beste, Carlo Carrà-gaz, Mario Sironi-gaz eta Giorgio de Chirico-gaz. Denpora tarte horren ondoren, Morandi bilaketa artistiko personalean sartu zan, natura hilaren generoa ikertuz, eta neurrizko haren konposizinoetako objektu bizibakoei ia antropomorfoa dan presentzia emon eutsen. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, nazinoartean abstrakzinoa sortu zan, eta ordena eta heterodoxia artistikoa itzuli ziran.

Atzera begira: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak erakusketearen inaugurazinoko argazki ofiziala. Ezkerretik eskumara: Petra Joos, komisarioa, Lorea Bilbao, Euskera eta Kultura Diputadua; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburua; Rafael Orbegozo, Iberdrolako Lehendakaritzarako Aholkularia; eta Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia:


Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu