21. Korrika (VIII). Bizkaiko bigarren etapea gaur

Bizkaie! 2019-04-11 09:47   Euskerea berbagai

Hilaren 11n, kilometro ugari egingo dira Bilbon euskerearen alde.

Bizkaiko bigarren etapea gaur

Ezkerraldea atzean itxita, ia gau osoa Meatzaldean emon dau 21. Korrikak: Trapagaranen, Urtuellan, Abanton eta Muskizen. Ondoren, goizeko bostak aldera, lasterketea Galdamesetik sartu da Enkarterrin; eta hortik Sopuertara, barriro Galdames, Gueñes, Zalla eta, goizeko 07:00etan, Balmasedatik pasau da.

Goizeko zortzietan korrikalariek sartu-urten labur bat egingo dabe Araban, Aiaraldetik; eta 09:00ak aldera Artziniegara heldu dira. Barriro Bizkaian, ibilbideak Enkarterritik jarraituko dau: Gordexola, Sodupe, La Quadra, Zaramillo eta Alonsotegi.

Eguerdian, 11:45ean, 21. Korrika Bilbon sartuko da, Zorrotzatik, eta ez dau Bizkaiko uriburutik urtengo arratsaldeko 16:20 arte. Lasterketako kilometro jentetsuenetakoak izaten dira: Santutxun, adibidez, omenaldia egingo jako igaz hildako Marian Leon AEKko irakasleari. Aurrerago, Plaza Biribilean, dei berezia egin jako Bilboko euskalgintzeari, guztion artean alkarregaz kilometro bat egiteko (auzoetako Euskaraldia taldeak egongo dira bertan). 1762. kilometroan. Indautxun, Bordillo Aplastao ekimeneko kideen txandea izango da, eta erruberadun aulkian doazan hainbatek hartuko dabe parte kilometroan. Aurrerago, San Inazion, Ondalan erraldoien konparseak egingo deutso harrerea Korrikari; eta Bilboko azken kilometroan, Elorrietan, Save the Children alkarteko ordezkariek eroango dabe lekukoa.

Karabanea Txorierrin sartuko da gero, Erandiotik, edizino honetan bigarren aldiz. Hortik Loiura, eta Gatikan zapalduko dau lehenengo aldiz Uribe Butroe. Bertan, Gatikan Autopista Elektrikorik EZ! plataformeak egingo dau bere kilometroa. Mungiatik ondoren, Bakiora gero, eta hortik Busturialdera, Bermeotik. Arratsaldeko zortzirak izango dira dagoeneko.

Ondoren, Busturialdeko herrietatik jarraituko dabe korrikalariek, eta 22:00 aldera pasauko dira Gernika-Lumotik. Eskualdea itxi barik, ibilbidea badoa aurrera, tipi-tapa, Kortezubi eta Arteagatik; eta, aurrerago, Ibarrangelu eta Eatik. Gaurko etapea Lea-Artibain amaituko da; Lekeition, esaterako, dana prest egongo da goizaldeko ordu bat eta erdietan Korrikari harrerea egiteko.


21. Korrika Bilbon

Zorrotza-Kastrexanako errepidetik sartuko da Bilbon, 11:45ean, eta Elorrietatik urtengo dau 16:20 aldera. 14:30ean Udaletxearen aurretik igaroko da; Bilboko alkateak lekukoa hartuko dau metro batzuetan, zinegotziek lagunduta.

Lasterketea apirilaren 4an hasi zan Garesen, eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an.

Lau ordu eta erdian, 21. Korrika Bilboko auzo guztietan zehar ibiliko da: Zorrotza – Errekalde - Irala – Miribilla – Bilbo Zaharra – Abusu – Bolueta – Otxarkoaga – Txurdinaga – Santutxu – Begoña – Uribarri – Zazpi Kaleak -Abando – Indautxu - Deustu – Ibarrekoalnda - San Ignazio - Elorrieta.

Bilboko Udalak edade guztietako bilbotarrak animetan ditu Korrikan parte hartu deien euren auzoetan dabilenena, 11:45etik 16:20ra; ordu horreen artean ibiliko da lekukoa Bilboko kaleetan.

Lau ordu eta erdi baino gehiago egingo ditu Korrikak Bilbon. Lekukoa ikastetxe, kirol talde, auzo elkarte, guraso elkarte, enpresa, koadrila edo erakundeetako pertsonek eramango dute. 21. edizino honetan 100 kilometro inguru egingo dira Bilbon euskereren alde.

11:48 Zorrotza - 12:39 Errekalde - 12:48 Irala-Miribilla - 13:05 Bilbo Zaharra-Abusu - 13:35 Bolueta-Txurdinaga-Otxarkoaga-Txurdinaga - 14:00 Santutxu-Begoña-Uribarri - 14:36 Zazpi Kaleak - 14:52 Abando-Indautxu - 15:52 Deustu-Ibarrekolanda-San Ignazio-Elorrieta - 16:21

Korrika, AEKk antolatua, apirilaren 4an hasi zan Garesen eta Gasteizen amaituko da apirilaren 14an. Amaieran, lekukoak barruan daukan mezua irakurriko da. 21. edizino honen leloa Klika da: euskerearen aukerea hautatzeko eta gure hizkuntzeak bizi dauen garai barriagaz bat egiteko deia. Txillardegik omenaldia jasoko dau aurten: pentsamendu kultural, filosofiko eta politikoan ekarri eban aldaketea autortuko jako.


Aldaketak zirkulazinoan

Bilboko Udalak jakinarazo dau aldaketak izango dirala zirkulazinoan Bilbo osoan, Korrika dala-eta. Aldaketok garraio publikoan be eragina izan leikie.

Aldaketarik garrantzitsuenak 11:45etik 16:20ra izango dira, Korrika pasetan danean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu