21. Korrika (VII). Bizkaiko lehenengo etapea gaur

Bizkaie! 2019-04-10 08:16   Euskerea berbagai

Goizeko zortziak aldera Laudiora heldu da lasterketea eta  Arakaldotik sartuko da Korrika Bizkaian.

Arrankudiaga, Ugao eta, goizeko 10:30ak aldera, Arrigorriaga. Bazkalordura arte, korrikalariek Hego Uriben jarraituko dabe (Basauri, Etxebarri, Aperribai...). Etxebarrin, oso jaiotze tasa altua dauen herria izanik, saiatuko dira heldu baten eta ume baten artean eroaten lekukoa kilometro guztietan. Galdakaotik hamabiak aldera pasauko dira; han Ostalaritza Eskolakoak aterako dira lehen aldiz, sukaldari jantzita, erretilu eta guzti. Ondoren, Usansolora; eta handik, Larrabetzura. Arratsaldeko ordu biak izango dira ordurako.

Ondoren, Txorierriko ganerako herrietan zehar ibiliko dira, kostalderako bidean beti: Lezama, Zamudio, Derio, eta Sondika, Uribe Kostako lehenengo herrira heldu arte, hau da, Erandiora. Arratsaldeko bostak aldera Leioan izango da lasterketea, eta EHUko Campusera be igongo dabe. Bertan, Mikel Laboa plazan hartuko dau lekukoa EHUk. Sei eta erdietan Urduliztik igaro ondoren, Plentzia eta Gorliz artean be ibiliko dira eta 20:20 aldera, Sopela inguruan.

Ordu pare bat gehiago egingo dabe Uribe Kostan. Hurrengo herriak Larrabasterra eta Berango izango dira, eta bederatziak pasautxuan Getxon sartuko da. Karabaneak kostaldeko herria zeharkatuko dau Andra Mari, Algorta eta Erromotik; eta gaueko hamaikak lauren gitxiagotan lekukoa Ezkerraldera pasauko da, Bizkaiko Zubiko pasarelatik. Bereziak izango dira Getxo eta Portugalete lotuko dituen kilometroak: udal langile batek eroango dau lekukoa Bizkaiko Zubiko eskaileretan gora, han Getxoko alkateari emoteko; honek Portugaleteko alkateari pasauko deutso goi-goian, eta ondoren igogailuan bajatuko da lekukoa Ezkerraldeko kilometroei ekiteko.

Portugaleten sartu-urtena egin ondoren, Santurtzira helduko dira, suziri eta bengala arteko ondoetorri beroa jasoteko. Portugaletera barriro eta gero, Sestaora eta Barakaldora. Gauerdi aldean izango da hori.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu