Apirilaren 14an danok Gasteizera, 21. Korrikaren azken txanpara

Bizkaie! 2019-04-09 13:28   Euskerea berbagai

Bastidan gaur, Aro barriari Klika, 1252 kilometroaren bueltan.

Gasteizko Buruileria plazan aurkeztu dabe gaur 21. Korrikaren amaierako jaia. Gasteizeko Andre Mari Zuriaren plazan amaituko da Korrikaren edizino honen 2.500 kilometroko ibilbidea, hilaren 14an. Arabako uriburu osoa zeharkatu ondoren, Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua plazan. Amaiera ekitaldia bertan izango da; eta segiduan, hurreratutakoei helduko jake jaian sartzeko ordua.

Hilaren 14ko amaiera-egun handia aurkezteko egin dabe prentsa-agerraldia gaur Gasteizen eta nabarmendu nahi izan dabe Gasteiz eta Araba osoa euskerearen hazkundearen eredu dirala eta 16. Korrika uri horretan amaitu zala gogora ekarriz, onartu dabe eurentzako sekulako pizgarria dala 21. edizinoan barriro be bertan amaitzea.

Amaiera ekitaldia Andre Mari Zuriaren plazako balkoian izango da. Lekukoa 12:30erako helduko dala aurreikusita dago. Momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren idazlea nor dan jakingo dogu, eta jakina, mezuaren beraren edukia be.

Bestalde, azken eguneko arduradunak, Ilune Basterrak, azaldu dau Gasteizeko jairako dana prest dagoala, eta egun osokoa izango dala, jai handia eta barritzailea auzolanean atondua; erdigunean sakabanatuta, publiko desbardinei begirakoa, egitarauan gasteiztar eta arabarren parte hartzea lehenetsia, emakumeen parte hartzea bermatua.


Bastidan, Aro barriari Klika, 1252 kilometroaren bueltan

Aro barriari Klika ekimenaren barruan, eragileek hartutako konpromisoen sinatze-ekitaldia izango da; eta, bestetik, guztiak batera, kilometro bat alkarregaz egitea da asmoa, besteak beste, Eusko Jaurlaritzearen izenean, Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politika sailburuordea, Nafarroako Gobernuko Ana Ollo, herritarrakazko hartu-emonetarako kontseilaria, Euskarabideko zuzendari Mikel Agirre eta Euskal Alkargoko Benat Arrabit. 

Sinatze-ekitaldia 18:00etan izango da, kilometroan bertan ez badau euririk egiten; Bastidako (Araba) Udaletxeko kultur etxean euria egiten badau. Arratsaldeko 19:15ean, barriz, 1552 kilometroa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu