Europako hedabide eta hizkuntza gitxituak ardatz Atlantan

Bizkaie! 2019-04-09 08:32   Euskerea berbagai

Iñaki Zabaletak HEKA Ikerketa Taldeak 18 urtez batutako datuen barri emon dau.

Europan, 4.800 kazetari dabiz beharrean, lanaldi osoan, guztia hizkuntza autoktonoan egiten daben 1.070 hedabidetan. Datu horreek eta beste batzuk aurkeztu ditu Iñaki Zabaletak, Kazetaritzako katedraduna eta UPV/EHUko Europako Hizkuntza Gitxituetako Hedabideak eta Kazetaritza-ri buruzko HEKA Ikerketa Taldeko zuzendaria danak, Atlantan Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Alkartearen (AAAL) urteko kongresuan emOndako osoko konferentzian.

Ikerketa taldeak 18 urtez batutako datuak jasoten zituan ikertzailearen berbaldiak, zehatz, Europako hamar hizkuntza gitxituotan dabizen kazetaritza eta komunikabideei buruz: euskerea, galizierea, katalana, irlanderea, gaeliko eskozierea, bretoierea, korsikerea, frisierea eta samierea (laponiera).

Zabaletak, era berean, azaldu eban hizkuntza komunidade horreek 37 miloe lagun dituela danetara, eta horreetatik 12 miloek bertako hizkuntzea erabilten dabela. HEKA taldearen ikerketen arabera, komunikabide horreen urteko bolumen ekonomikoa (diru sarreren baturea, hain zuzen, 1.219 miloe eurokoa da; horreetatik, 712 miloe euro katalanez dabizen hedabideei jagoke, eta 103 miloe euro, barriz, euskerazko hedabideei.

Ikerketen arabera, 1.070 hedabideetatik % 87k webgunea dabe eta % 75 sare sozialetan sartu dira.

Berbaldi horretan bertan, Zabaleta irakasleak Hedabideen Garapen Indizea be aurkeztu eban, bere ikerketa taldeak egindakoa; indize horrek hizkuntza gitxituetako indar mediatikoaren mailea neurtzen dau, zenbait aldagai aztertuta.

Lehenengo aldia izan da hau, AAAL alkarteak Espainiako unibersidade bateko ordezkari bat osoko hizlari legez gonbidau dauena. HEKAko zuzendariaren esanetan, 'AAAL alkarteak egindako gonbidapena, kongresuko kideen aurrean (gehienak AEBetako eta Kanadako hizkuntzalariak) osoko hitzaldi bat emoteko, gure taldearen eta unibersidadearen beraren lanaren autormena' da. Kontuak kontu, Zabaletak nabarmendu dauenez, 'ez genduan ezelako hartu-emonik alkarte horregaz; eurek eskatu euskuen Atlantara joateko, aspalditik ebizelako gure ikerketak jarraitzen'; eta hau be gehitu dau: 'antolatzaileek adierazo euskuen berbaldia gustora jarraitu ebela'.

Erakunde entzutetsu horretan, 5.000 unibersitario baino gehiago dabiz Hizkuntzalaritzearen alderdi teorikoak aztertzen. Martian egindako kongresuan, 1.500 kide inguruk hartu eben parte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa