21. Korrika (VI). Eragile bateratuak euskerearen alde, Arabako lehenengo etapan

Bizkaie! 2019-04-09 08:34   Euskerea berbagai

Gaualdean Sakanan ibili ostean, 21. Korrika Araban sartuko da, Lautadatik. Araian argitu jake eguna korrikalariei, eta aurreikusita dago goizeko zortziak aldera Agurainen egongo dirala.

Lautadatik Mendialdera, Maeztu eta Atauritik, eta eguerdiko ordu batean korrikolariak Kanpezun sartuko dira. Hirurak lauren gitxiagoan, Meanotik Ekorako bidean, gaixotasun arraro bat dauen ume batek hartuko dau lekukoa. Bizikletaz egingo dau.

Errioxa eta Araba artean: Guardian, Eltziegon, Samaniegon, eta beste herri batzuetan ibili ostean, Arabako Errioxan, 1216. kilometroan, emakume batzuek harrerea egingo deutsie Korrikari traktore batzuekaz. Guardian be, momentu politak espero dira, arratsaldeko bostak inguruan, ikastoleak eta herriko jenteak Guardiako harresitik sartu eta herria zeharkatuko dabelako.


Bastidan, aro barriari Klika

Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, mugarri inportantea, izan be, Bastidan egingo dan kilometroetako bat berezia egongo da, 1252.a, hain zuzen be: eragile bateratuarena. Aurreko Korrikako Santiago zubiko kilometroaren jarraipena izango da, eta Aro barriari Klika ekimenean Albaolan hartutako konpromisoen hurrengo urratsa; iluntzeko 19:15ean izango da.

Aurrerago lasterketea Trebiñura helduko da, 17. Korrikaren hasiera herrira. Gutxisolo alkarteak zer edo zer irudikatuko dau bere kilometroan, trebiñarren mozorroak lagundurik. Eta adi 1280 kilometroari, 21. Korrikaren ekuatorea izango da-eta!

Hortik Argantzonera, eta Argantzondik Langraitzera. Momentu politak biziko dira han, 1300. kilometroan adibidez, Langraitzetik Andarako bidean: Arabako Foru Suhiltzaileek euren kamioiakaz Korrikari harrerea egingo deutse, gauerdi inguruan. Ondoren, gaueko ordu txikietan (goizaldeko ordu bietan) korrikalariak Gorbeialdeko ibilbidean sartuko dira. Hirurak aldera pasauko dira Murgiatik, eta 06:00etan, Izarratik.

Hortik aurrera Korrikak Aiaraldeatik zapalduko dau Bizkaia lehenengo aldiz; Urduñatik, hain zuzen. Jardunaldia amaitzeko, Araban sartuko da barriro karabanea, goizeko 06:00etan Amurrioko ibilbidea egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu