Euskal Herria Zuzenean: Proiektuari Elkar Saria

Bizkaie! 2019-04-08 13:29   Kulturea

Helburua, sortzear edo martxan dagoan ekimen bati laguntzinoa emotea da, proiektua gauzatzen laguntzeko.

2016tik emoten dituen elkar sariak aurten maiatzaren 9an emongo dira Andoaingo Bastero kulturgunean. Gaurko agerraldian, bertan emongo dan sarietako bat aurkeztu da, Proiektuari elkar saria.

Sari hau urte birk behin emoten da, Joseba Jaka bekeagaz txandaka, 10.000 eurokoa da, eta helburua, sortzear dagoan edo martxan dagoan ekimen bati laguntzinoa emotea da, proiektua gauzatzen laguntzeko.


Zergaitik saria Euskal Herria Zuzenean ekimenari?

Joxe Mari Sors, elkar Fundazinoko lehendakariak esan dauenez, Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora begira, kultur mobimentua sustatuz euskal kulturearen alde lan handia egiten da; musikatik abiatutako jaialdia da, nahiz eta kultur adierazpide anitza eta aberatsa izan, batez be saiatzen da euskal musikeari behar dauen lekua eta duintasuna emoten.

Gazteen ekimenez atondutako jaialdia da, eta hori gauzatzeko ezinbestekoak dira taldelana zein alkarlana, eta balore bi horreek indartzen ditu: taldelana taldean egiten dalako, lanerako prest dagozan kultur zaleen indarrak batuz; alkarlanean, inguruko beste eragileakaz batera ibilteko ahalegin etenbakoan dabizelako, herriko ganerako eragileak be batuz ekimenera.

Joxe Mari Sorsen berbetan, Ipar Euskal Herrian urteotan dagoan mobimentu handiaren barruan, kulturan oinarritutako ekimen indartsu bat izatea uste dogu balorau eta laguntzeko moduko ekimena dala. Are gehiago hori gazteen ekimena danean, eta eurek alkarlana edo taldelana lako balioak sustatzen dituenean. Euskal kultureak ikusgarritasuna eta harrotasuna emongo deutsen proiektuak behar ditu, eta duda barik Euskal Herria Zuzenean bada horretarako ekimena. Igazko geldialdiaren ondotik, indarbarrituta dator barriro, eta elkar Fundazinoak bere aletxua jarri nahi izan dau taldeak egiten dauen lana lagunduz.

Euskal Herria Zuzenean ekimenaren izenean berba egin dau Julen Oillarburuk: pozik eta eskertuta nago 24 urtez festibalak izan dauen ibilbidea balioan jarteagaitik. Aurten urte berezia da eurentzat, gogoeta fase baten ondoren, jaialdiaren ardurea talde gazte barri batek bere gan hartu dauelako, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoako behar eta erronkei erantzuna emoteko asmoz. Auten bagilaren 28, 29 eta 30ean egingo da Baxe Nafarroako Irisarri herrian. Oillarbururen eretxiz, nahi izan dogu barrualdeko dinamikeari eutsi, euskal nortasuna eta kulturea bultzatzeko, Ipar Euskal Herriaren bihotzetik, Euskal Herri osora.


Ma kolektiboaren Lua kastore

Proiektuari elkar saria aurkezteaz gan, gaurko agerraldian igaz Joseba Jaka bekea jaso eban Ma kolektiboak aurten egindako lanaren barri emon dau. Maiatzaren 9ko sari banaketa ekitaldian aurkeztuko dabe egindako Lua kastore antzerki eta jantza emonaldia. Oihane Enbeita taldeko kideak ez dau lanari buruz informazino gehiegi aurreratu nahi izan, baina esan dau hiru arte eremu lantzen dirala bertan: antzerkia, jantzak eta ikus-entzunezkoa, eta erronkea hirurak maila berean lantzea izan dala.


elkar sariak maiatzaren 9an, arratsaldeko 19:ooetan emongo ditue Andoaingo Bastero kulturgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu