Aitor Tatiegi Gipuzkoako Eskolartekoan irabazle; Nafarroan, Xabat Illarregi
2019-04-08 08:00 BertsolaritzeaAner Peritz eta Ekhine Zapiain be Euskal Herriko finalerako sailkatu dira.
Bagilaren 8an Saran jokatuko dan Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketara begira, finalisten izenak argitzen doaz pixkanaka. Gipuzkoan eta Nafarroan herrialdeko finalak jokatu dira, eta bakotxaren izenean ze bertsolari bi joango diran jakin dogu.
Gipuzkoako Eskolarteko finalean, Lasturren, zortzi bertsolari gazte lehiatu ziran barikuan. Epaimahaiaren puntuazinoak Aitor Tatiegiri emon eutsan txapela. Meritu handiko lorpena da Tatiegirena, Gipuzkoako sariketan 23 parte-hartzaile egon diralako. Kanporaketak eta finala gainditu behar izan ditu txapeldunak. Bagilean Saran izango dau azken hitzordua.
Aner Peritzek, bestetik, bigarrenez kantauko dau Euskal Herriko finalean. Igazko moduan, bigarren egin eban barikuan Lasturren, eta jokoan egoan bigarren txartela eskuratu eban Sararako.
Nafarroari jagokonez, Arantzan jokatu zan finala, barikuan. Hamabost bertsolari egon ziran oholtzan, gai-jartzailea Josu Sanjurjo izan zan, eta epaile lanetan, ostera, hiru lagun: Saioa Mitxelena, Amaia Telletxea eta Julen Zelaieta.
Hasierako ariketak egin eta gero, lau bertsolari pasau ziran bigarren fasera: Ekain Alegre, Ekhine Zapiain, Iratxe Muxika eta Xabat Illarregi. Azkenean, Illarregi leitzarrak jantzi eban txapela, eta bigarren Zapiain beratarra izan zan. Saran eurak biak izango dira Nafarroaren ordezkari.
Aitatzekoa da, ganera, Xabat Illarregiren bigarren eskolarteko txapela dala. Horrezaz gan, publikoaren saria egon zan Arantzako saioan, bertsolarien ahalegina, umorea eta jarrerea nabarmentzeko. Sari hori Etxalarko Etxahun Azkarragak eskuratu eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!