21. Korrika (IV)

Bizkaie! 2019-04-07 09:58   Euskerea berbagai

Korrika Arnegitik sartu da Baxenabarrera; eta goizeko 03:00retan heldu da uriburura, Donibane-Garazira.

 

Inoiz baino babes instituzinal gehiago jaso dau Ipar Euskal Herrian euskerearen aldeko Korrikak

Donibane-Garazitik Lakarrara joan dira eta, ondoren, Larzabale eta Bunuzera. Larzabalera heldu aurretik, Ainizan, Euskal Herriko Laborantza Ganbareak eta Euskal Herriko Laborarien Batasunak eroan daabe lekukoa; eta Larzabalen bertan, Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariek.

Goizeko seietan sartu dira korrikalariak Zuberoan, Muskilditik. Ordu bat aurrerago, karabaena eguneko bigarren uriburutik pasau da: Mauletik.

Domeka goiza Iparraldean emongo dabe korrikolariek, Donapaleutik Aiherrara.

Hazparnen zapalduko dau aurten Korrikak Lapurdi lehenengo aldiz; eta, ondoren, Itsasu eta Kanbotik ibiliko da. Kanboko eroaileen artean: Garapen Kontseilua, herriko etxea, Udalbiltza, Euskal Urigune Alkargoa eta Auzapezen biltzarra. Ustaritze eta Milafranga atzean itxita, Hiriburun sartuko da. Herri horretan, hainbat komunikabidek egingo dabe euren kilometroa: France Bleu eta EITB.


Baionan eta, lehenengo aldiz, Bokalen

Arratsaldeko seietan helduko dira korrikalariak Baionara. Lapurdiko uriburuan ordubete inguru ibiliko dira; tartean, lekukoa pasauko da hamaika eragileren eskutik, besteak beste: Euskerearen Erakunde Publikoa, Eusko Ikaskuntza, Gaztetxea eta Aitzina, BIZI! Alkartea eta Aviron Bayonnais errugbi taldea.

Eta korrikalariak ez dira Lapurdi herrialdetik egun osoan aterako. uriburua pasauta, hurrengo mugarria Bokalen dago eta momentu hunkigarriak biziko dira han, aurtengoa lasterketa herritik pasauko dan lehenengo aldia baita; ikusgarria izango da arraunlariek Bokaletik Angelura lekukoa zelan eroango daben ikustea.

Miarritzen ikusiko dau 21. Korrikak kostaldea lehenengo aldiz, eta Kantauri itsasoaren parean jarraituko dau. Gaueko hamarretan Donibane-Lohitzunetik pasauko da, eta, gauerdian, Hendaiatik.

Irunetik hasita, astelehenean, gipuzkoarrei helduko jake euskerearen lekukoagaz jarraitzeko txandea. Guztira, gaurko 24 ordutan Ipar Euskal Herriko 40 herriko etxek eroango dabe lekukoa (euren artean Baiona, Angelu, Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz edo Maulekoak). Aitatzekoa ere bada gaztetxe, ikastola, euskerazko komunikabide eta kultur arloko (besta batzordeak, jantza taldeak, pastoralak...) eragileen presentzia handia, domekan egingo diran 220 kilometrotan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu