Turismo sektorean euskerea nabarmentzeko eskatu dau UEMAk

Bizkaie! 2019-04-04 10:17   Euskerea berbagai

Bisitari gehienek eskertu egiten dabe euskerea ikustea edo entzutea, inkesta baten arabera.

Mikel Urdangarin, Kristina Urrutia eta Miren Segurola, Leitzan (argazkia: UEMA) | Ikusi handiago | Argazki originala

UEMAk agerraldia egin dau Leitzan, azkenaldion udalerri euskaldunetan ardurea eragin dauen gai baten inguruan berba egiteko: Gero eta turista gehiago etorten dira Euskal Herrira, udalerri euskaldunetara be bai, eta horrek hizkuntzan eragina dauka. Horren aurrean, euskerea izkutau eta erderei lehentasuna emon beharrean, euskerea nabarmentzeko erabagi ausartak eskatu ditu UEMAk.

Bisitariek hizkuntzen inguruan daben jarrerea hobeto ezagutzeko, inkestea egin dabe, eta AEK-Ahize arduratu da datuak lantzeaz. Leitzan egindako agerraldian, UEMAren koordinatzaile Miren Segurola, Ahize-AEK hizkuntza aholkularitzako Mikel Urdangarin, eta Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Euskera Zerbitzuko Kristina Urrutia egon dira.

Miren Segurolak azaldu dau UEMAk orain dala urte batzuetatik hartu dauela turismoan euskerea nabarmentzeko erabagia, udalerri euskaldunetan hori interesgunea izan leitekelakoan, oztopoa baino. Euskerea da gure postalik ederrena, esan dau Segurolak.

Ahize enpresako Mikel Urdangarinek inkestako datu esanguratsuenak nabarmendu ditu. Besteak beste, azpimarratu dau bisitarien % 95ek ez dauela ezelako arazorik izan euskereagaz. Erdiek baino gehiagok (% 54k), barriz, euskereagaz izandako harremana atsegina izan dala edo asko gustau jakela erantzun dabe.

Ganera, errotuluak euskeraz egotea ez dabe trabatzat joten bisitari gehienek, batzuek eskertu be egiten dabe. Gogoan izan behar da, bisitarien lauren bat Euskal Herrikoa dala, beraz ohituta dagoz euskerea ikusi edo erabiltera. Beste turista asko Kataluniatik, edo hizkuntza ofizial bat baino gehiago dituen herrietatik etorten dira.

Inkestatik ateratako ondorio nagusiak honeek izan dira:

- Eremu euskalduna: bisitari gehienek badakie euskal hiztun asko bizi dan gune batera datozala, eta espero dabe euskareagaz topo egitea.

- Euskerea, akulu: bisitari talde handi batentzat etorteko arrazoia be izan da euskeraz bizi dan herri bat ezagutzea.

- Deseroso, oso gitxi: % 95ek ez dabe ezelako arazorik izan euskareagaz.

- Askorentzat, atsegina: askorentzat, aldiz, atsegina izan da, eta asko gustatu jakela nabarmendu dabe.

- Euskereagaz, eroso: gehienak eroso sentidu dira euskareagaz izan dituen harremanetan, eta % 85ek eskertu egin dau hizkuntza paisaian euskerea topetea.

- Bisitarien zati handi bat, bertokoa: Euskal Herritik datoz asko, beraz, negozioaren ikuspegitik be kontuan hartzeko moduko xede taldea da, premina zein eskubide linguistikoak dituana.

Labur esanda, UEMAk uste dau turismoak gora egin dauen udalerri euskaldunetan euskerea izkutatzeak ez dauela zentzunik, ez bizikidetzearen ikuspegitik, ez negozioaren ikuspegitik. Horretarako, erabagi ausartak eskatu ditu Miren Segurolak, gaur egun egiten danaren kontrako norabidean.

Gaiak dauen garrantzia eta estrategikotasuna ikusita, udazkenean euskereari eta turismoari buruzko jardunaldiak egingo ditu UEMAk, gaia sakonago aztertzeko eta turismo sektoreari zein erakunde publikoei euskerea eskaintzan nabarmentzeko beharra ikusiarazoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu